Amanda Spratt australiarrak erakustaldia emanda irabazi du Emakumeen Bira

Joseba Derteano 2018ko mai. 22a, 19:15
Amanda Spratt Iurretako helmugara sartzen. (Argazkiak: Maialen Zuazubiskar)

Urkiola mendatean ihes egin du eta bakarrik egin ditu helmugara arteko 50 kilometroak.

Gaurko azken etapari sailkapeneko hamargarren tokian ekin dio Spratt-ek. Minutu eta erdiko aldea zegoen bere eta Annemiek Van Vleuten liderraren —eta taldekidearen— artean. Hiru ordu geroago Emakumeen Birako irabazlearen elastiko txuria jantzi du Iurretan.

Goi mailako lasterketa osatu du Mitchelton Scott taldeko txirrindulariak. Urkiolan gora ihes egin eta bakarrik igaro da mendate gainetik. Segundo batzuk geroago, hiruko talde batean heldu dira Van Vleuten eta Van der Breggen. Liderra bistan zuela zeharkatu du gaina Ane Santestebanek eta Eider Merinok ere azpimarratzeko moduko igoera egin du. Apurka-apurka 25 txirrindulariko taldea osatu da australiarraren atzetik, baina ezin izan dute harrapatu. Helmugan 1.16ra sartu dira Elisa Longo eta Olga Zabalinskaya. Bi minututik gora galdu dute Van Vleuten eta Van der Breggenek. Talde berean, baina euren aurretik helmugaratu da Ane Santesteban.

Horrela, Amanda Sprattek irabazi du XXXI. Emakumeen Bira. Van Vleutenek —bigarren— eta Van der Breggenek —hirugarren— osatu dute podiuma. Ane Santesteban izan da lehenengo euskalduna 11. tokian. Bizkaiko Durango-Euskadi Murias taldeko Alice Mari Arzuffik aurreko hogeiren artean sartzea lortu du gaur onenekin ibili ostean.


Amanda Spratt irabazlearen elastiko eta txapelarekin eta taldekideek inguratuta:

 


Ane Santesteban izan da euskaldunik onena:


Ane Santesteban Iurretako helmugan:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!