Van der Breggenek irabazi du Klasikoa eta Isasi onena izan da tarteko helmugetan

Joseba Derteano 2018ko mai. 17a, 19:30

Herbeherearrak indarraren legea ezarri du San Juan de Momoitiorako aldapetan eta bakarrik helmugaratu da. Elorriarrak ere indartsu dagoela erakutsi du Durango-Durango Klasikoan.

Pelotoian mugimendu gutxi izan da azken mendatera arte. Espero zen moduan, San Juan de Momoitiorako igoeran apurtu da bakea. Une batean UCI ranking-eko aurreneko hirurak, Anna van der Breggen, Annemiek Van Vleuten eta Elisa Longo Borghini, nor baino gehiago aritu dira %20ra arteko aldapetan. Azkenean Van der Breggenek aurrera egin du eta minutu erdiko aldearekin heldu da mendate gainera. Handik helmugara aldeari eutsi dio. Zapatuan hasiko den Emakumeen Birarako faborito nagusia dela erakutsi du. Van Vleutenek eta Sabrina Stultiens-ek osatu dute podiuma.

Ane Santesteban izan da lehenengo euskalduna bosgarren tokian eta bederatzigarren amaitu du Eider Merinok. Biak talde berean helmugaratu dira.

Ziortza Isasi elorriarrak tarteko helmugen saria irabazi du eta 23 azpiko txirrindulari onena Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldeko Cristina Martinez izan da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!