Lucy Kennedy australiarrak irabazi du Durango-Durango Klasikoa

Joseba Derteano 2019ko mai. 20a, 19:05

Bizkaia-Durango taldeko Aroa Gorostiza elorriarrak gutxigatik ez du lortu tarteko helmugen saria bere lehenengo parte hartzean.

Miotarako hirugarren itzulian hamar bat txirrindulariko ihesaldia sortu da eta elkarrekin egin dituzte kilometro batzuk. Ondoren, Garairako lehenengo igoeran, Mitchelton-Scott taldekoak egurrean hasi dira. Amanda Spratt saiatu da lehenengo, baina aurkariek ondo zainduta zeukaten faborito nagusia. Segidan Lucy Kennedy taldekidearen txanda izan da eta bakarrik ihes egitea lortu du. Ordutik helmugara ezin izan dute harrapatu. Amanda Spratt eta Soraya Paladin (Ale Cipollini) sailkatu diren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Ane Santesteban izan da lehenengo euskalduna 11. tokian eta Bizkaia-Durango taldeko Enara Lopez bigarrena, 27. tokian.

Aroa Gorostiza, bikain

Saririk irabazi ez arren aipamen berezia merezi du Bizkaia-Durango taldeko Aroa Gorostiza elorriarrak. Durangoko klasikoan lehenengo parte hartzea izan du eta tarteko helmugen saria irabazteko borrokan aritu da. Lehenengo sprinta berak irabazi du eta bigarrena Alicia Gonzalezek (Movistar). Helmugan Gonzalez Gorostizaren aurretik sailkatu da eta horregatik asturiarrak jaso du tarteko helmugen saria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!