Airearen kalitatea

Airea hobetzeko eskatzeko, kontzentrazioa egingo dute barikuan Durangon

Markel Onaindia 2017ko aza. 29a, 11:28

Durangoko hainbat elkartek egin dute deialdia: Herria, DAZ (Alde Zaharra), Zarateran aurkako plataforma, San Fausto zentro soziala, Ekologistak Martxan, ELA, LAB, CCOO, UGT, Ernai, EH Bildu, Podemos Durangaldea eta Herriaren Eskubidea. Elkarretaratzea 19:00etan izango da, Andra Marian. "Erantzunak nahi ditugu", diote deitzaileek.

Airearen kalitateagatik sortutako kezka goraka etorri da azken hileetan, batez ere sare sozialetan, eta airea hobetzeko aldarria kalera helduko da orain. Oharrean diotenez,  aireak osasunean izan dezakeen eraginak kezkatzen ditu, Osasunaren Mundu Erakundeak esana baitu partikula horiek minbizi sortzaileak eta arnas-aparatuko gaixotasunen eragileak izan ahal direla. Gogoratu dute neurketen grafikoek partikulen maila altuak erakusten dituztela, baina momentu askotan neurtzeari uzten diotela, eta beraz, ezin dela jakin zehaztasunez zein den egoera. "Eskatzen dugu beharrezko neurketa denak hartzea arazoaren iturburua zein den ziurtasunez jakiteko eta hau konpontzeko zein ekintza egin eta zein neurri hartu behar diren zehaztea". 

Deialdi anitza da, eta adostasun hori nabarmendu dute eurek ere. "Erreklamazio gutxik lortzen dute durangarren artean adostasun gehiago". Herritarrek sarritan eurengana jo izan dutela ere azaldu dute elkarteek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!