Airearen kalitatea

Fumbarri inguruetan airearen kalitatea neurtuko dute unitate mugikor bategaz

Anboto 2017ko ira. 26a, 19:00

Azken asteetako eztabaida udalera hedatu da gaur, Herriaren Eskubideak mozioa aurkeztu baitu. Bertan, gobernu taldeak iragarri du Fumbarri inguruetan unitate mugikor bat ipiniko duela Eusko Jaurlaritzak, gaur edo bihar bertan. Gobernuak dio auzokideekin batzartu dela erabakia hartu aurretik. EH Bilduren arabera, sarritan eskatu dute neurketa hori udalean  eta eurek ere ezagutu dute auzokideen iritzia. Bestalde, Smurfit enpresan iragazki bat ez dela ondo ibili ere ezagutzera eman du gobernuak. Duela hiru aste jaso zuten abisua, eta enpresa konpontzeko lanetan ei dabil.

Udalak airearen eta usain txarraren inguruko azterketa bat egitea eskatuko dio jaurlaritzari, PPren abstentzioa kenduta gainerako alderdi guztien babesagaz.

EAJk eta PSE-EEk airearen kalitatea "ona edo onargarria" dela nabarmendu dute, jaurlaritzaren datuak kontuan hartuta. Gainera, gaia "oso serio" hartzen dutela esan du Pilar Rios sozialistak. Goiztidi Diaz jeltzaleak adierazi du, "airea ona izan arren, usain txarra kendu ahal bada" lanerako prest daudela. Arazoa Durangalde mailakoa dela uste du, eta Amankomunazgoak (EH Bildu+Herriaren Eskubidea) ere zerbait egin dezakeela esan du.

EH Bildu eta Herriaren Eskubidea ez dira datuekin hain konbentzituta agertu. Jarraipenerako protokolo bat eta udal mahai bat eskatu ditu Dani Maeztuk. Julian Riosek hainbat datu erakutsi ditu bilkuran, kutsadura maila altuak erakusten zituztenak.

Datuekin lotuta, gobernu taldeak iragarri du San Rokeko neurgailua berrituko dutela, usain txarrak zergatik dauden hobeto aztertu ahal izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!