Airearen kalitatea

Elorrioko Txanberi auzoan airearen kalitatea hobetu da, fundizioak neurriak hartu ostean

Markel Onaindia 2017ko aza. 27a, 10:41

Auzotarrek aspalditik egin izan dituzte airearen inguruko kexak, eta apirilean, udalak behin-behineko neurgailu bat jartzea eskatu zion Eusko Jaurlaritzari -Elorrion ez dago neurgailu finkorik-. Gainera, Metal Smelting fundizioari neurriak hartzeko eskatu zion, eta horiek martxan ipini ostean, aireak hobera egin duela erakusten dute urriaren 6ra bitartean hartutako datuek. Betsaide enpresaren inguruetan hartutako datuak oraindik ez dituzte jaso udalean.

PM10 suspentsioko partikulen arloan, maiatzean eta ekainean 12 egunetan airea ez zen ona izan; maiatzeko 6etan hobetzeko modukoa izan zela diote datuek, eta ekainean 4tan hobetzekoa eta 2tan txarra. Uztailean 3 egunetara murriztu zen egun kopuru hori, abuztuan 2tara, eta irailean 1era. Guztira, Jaurlaritzaren datuen arabera, airea ona edo oso ona izan da egunen %88an, hobetu daitezkeenak %10, eta txarrak %2. 

Enpresak, urtze-iragazkia egokitu du, harrikatz eta bentonita siloen barne-iragazkiak itxi, albo fatxadaren kanpo estalkia konpondu eta fatxada ere konpondu. Aurrerantzean ere udalak pausoak eskatuko dizkio. "Nahiz eta badirudien hartutako neurriekin emaitzak hobetu direla, udal ordezkariok kezkatuta jarraitzen dugu herriko airearen kalitatearekin. Egoera horren aurrean, enpresari hobekuntzak egiten jarraitzeko eskatu diogu", esan dute oharrean. Udalaren arabera, enpresak proiektu bat aurkeztu du abenduko eta abuztuko geldialdietan hobekuntzak egiten jarraitzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!