Airearen kalitatea

Vanessa Goikoetxea: "Durangoko aireak zer du? Ez dakigu zer arnasten ari garen"

Jone Guenetxea 2017ko ira. 4a, 13:04

Durangoko airearen kalitatea hobetzeko ekimena jarri du martxan Vanessa Goikoetxeak change.org-webgunearen bidez. Bi egunetan ia 1.400 sinadura jaso ditu. 

Zelan bururatu zaizu change.org-en ekimen hau martxan jartzea?
Kanpoan ibili naiz 7 edo 8 urte. Etortzen nintzen bakoitzean lagunei esaten nien usain txarra zegoela, baina erantzuten zidaten kanpoan nenbilenez ez nengoela ohituta. Orain, Durangon gehiago nago, eta zer edo zer egitea pentsatu dut. Gainera, ez da usaina bakarrik. Durangoko aireak zer du? Ez dakigu zer arnasten ari garen. Horixe da jakin gura duguna. Eta Durango esaten dudanean Durangaldea esan gura dut, airea alde guztietara heltzen da eta.

Ikerketa batzuen emaitzek diote Durangaldeko airearen kalitatea ez dela txarra.
Bai, baina beste ikerketa batzuek diote inguru honetan gaixotasun kasu asko daudela. Horregatik, interesgarria litzateke beste ikerketa batzuk egitea zer gertatzen ari den jakiteko. 

Usain txarra dagoela kritikatu duzu. Usain hori noiz nabaritzen duzu gehien?
Lehen haizearen arabera zela esaten genuen, lantzean behin. Baina orain, eguneroko kontua da. Uda honetan leihoak ere ireki ezinik egon gara. 

Ekimen honekin instituzioen aldetik erreakzioren bat espero duzu?
Gero eta jende gehiagok sinatu indar handiagoa izango dugu zer edo zer egiteko. 28.000 biztanleko herri batean bi egunetan 1.000 sinaduratik gora jaso ditugu. Harrera hain ona izateak esan gura du jendeak kezka hori duela. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!