Martxoak 31

Bonbardaketaren aurkako kereila uztailaren 18an aurkeztuko du Durangoko Udalak

Markel Onaindia 2017ko uzt. 12a, 09:12

11:00etan udaletxean egingo den prentsaurreko jendetsu batean emango dituzte kereilaren nondik norakoak. 12:00etan 5 minutuko elkarretaratze bat egingo dute Ezkurdin, eta ostean, kereila sartuko dute epaitegian. 1936ko kolpearen urtemuga egunagaz kointzidituko du ekimenak.

1937ko martxoaren 31n eta apirilaren 2an eta 4an, Durango eta inguruak bonbardatu zituzten italiar faxistek kolpisten mesedetan. Zibilen aurkako erasoa izan zen, eta 330 hildako baino gehiago eragin zituzten, herriko hainbat eraikin suntsitzeaz gainera. Gerediaga elkarteko Jon Irazabal ikerlariak ustezko egile batzuk identifikatzea lortu du Madrileko eta Erromako artxiboetara egindako bisitetan, eta pilotu italiar horien aurka sartuko dute kereila, udalaren izenean.

Durango 1936 elkartea izan da hasieratik kereilaren bultzatzaile, eta erasoaren 80. urtemugaren harira sortutako Martxoak 31 batzordean bota zuen proposamena. Bertan erabaki zen udala izatea kereilaren buru. Horretarako, Bartzelonako Udalak urratutako bidea jarraitu du. 18ko prentsaurrekoan, auzi horretan dabilen Anais Franquesa abokatu kataluniarrak hartuko du parte, Aitziber Irigoras alkateagaz eta Andoni Barreñagaz (Durango 1936) batera.

Elkarteak herriko eragileei gonbidapena egin die uztailaren 18ko ekintzetan parte hartzeko. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!