Jaume Asens: “Inpunitate frankistari amaiera emateko, hirien arteko elkarlana ezinbestekoa da”

Markel Onaindia 2017ko ots. 24a, 09:35

Jaume Asens Bartzelonako alkate ordea. Argazkilaria: Dani Codina

Gerra Zibileko eta Frankismoko krimenak argitzeko lanean dabiltzanek argi printza bat ikusi dute Bartzelonako Udalak landutako kereilagaz. Izan ere, Italiako abiazioak Kataluniako hiriburuan egindako bonbardaketen auzia tramitera onartu du hango epaitegi batek; estatuan hori gertatzen den lehen aldia da.

Horrez gainera, Argentinako kereilan ere parte hartzen dabiltza, eta herritarrei lekukotzak egiteko aukera eman diete. Ada Colauren gobernuan alkateorde (Barcelona En Comú) eta abokatua ere baden Jaume Asens Durangon egon zen, euren lanaz aholku emateko. Memoriaren elkartruke kulturala proposatu dio Durangori, eta bi udalak senidetze bidean dira.

Zergatik erabaki du Bartzelonako Udalak Frankismoaren aurkako kereilan murgiltzea?
Galdera alderantziz egin behar genuke. Bartzelona hiriak iragan antifrankista izanik, zelan ez zeukan hasita oraindik inpunitatearen aurkako borroka? Legatu hori duintasunez hartzea gura dugu, soilik. Bonbardatutako milaka katalanek ez zuten hil behar, eta krimen horiek zigorrik barik daude oraindik. Denborak ez du egilearen ardura ezabatzen.

Argentinako kereilan parte hartzea erraztu zenieten herritarrei, fitxa batzuen bidez.
Justizia argentinarraren bidez ekitea izan zen aukeratutako bide bat, Maria Servini epaileak instruitzen duen auzian. Zehazki, Buenos Aireseko 1. zenbakiko auzitegian. Bartzelonako Herritarren Arretarako Bulegoak epaitegi horren leihatila lez egokitu genituen, herritarrei tramitea errazteko. Sartu dituzten eskaeren kopurua ezagutzeko prozesuan gaude gaur egun.

Bartzelonako epaitegi batek tramitera onartu du kereila. Aurrez ez da horrelakorik gertatu? Pilotu bat bizirik egotea izan da giltza.
Horrela da, bai. Kereila hori Bartzelonako epaitegi batean instruitzen da, eta Aviazione Legionariako 21 pilotu seinalatzen ditu, gizateriaren aurkako krimenengatik. 1937. eta 1939. urteen artean Kataluniako hiriburuko bonbardaketetan parte hartu zuten pilotuak ziren, kasik 5.000 zibil hildako eragin zituztenak, historialarien estimazioen arabera. Badakigu batek behintzat bizirik jarraitzen duela, oso zaharra den arren, eta bere galdeketa baimentzeko zain gaude. Denbora aurka dugu.

Zelako eragina eduki zuten Bartzelonan faxistek burututako bonbardaketek?
Hondamendia izan zen. Orduko hiriko bizilagun batzuk bizi dira oraindik, eta justua da krimen horien aurka deklaratu ahal izatea. Kereilan kaltetutako bat, adibidez, bonbardaketetan umea zela zauritutako gizon zahar bat da. Eraso haietan, 1.808 eraikin apurtu zituzten. Masakreko gune ikonoetako batera bisita egitea besterik ez da behar horretaz jabetzeko, udaletxe ondoko San Felip Neri plazara hain zuzen. Hiriko txoko magiko eta intimoenetako bat da, eta dudarik barik, samin gehien batzen duena bere hormen artean. Elizaren fatxadan, lurralde katalaneko –eta baita espainiarrekoa ere– bonbardaketarik basatienetako baten aztarnak nabari daitezke, ingurua suntsitu zuena, haurtzaindegi bat barne. 1938ko urtarrilaren 30eko 09:00etako eraso hartan, 153 hildako zenbatu dituzte historialariek, eta gehienak umeak ziren.

Eraso bortitzak egin zituzten italiarrek, beraz.
Sasoi hartan gerrak arautzen zituzten nazioarteko arau guztiak urratzen zituzten Italiako abiazioaren bonbardaketek. Batetik, kanpoko esku-hartze militar ilegal bat izan zelako, Italiaren partetik gerra deklaraziorik bakoa; bestetik, erasoaren helburua gizarte zibila zelako, desarmatua eta borroka frontetik urrun zegoena.

Durangon egon zinen abenduan, zuen prozesuaz aholkatzen. Zelan ikusten duzu hemengo auzia?
Durango ere, jasan zituen bonbardaketen aurka aurkeztuko dela jakin berri dugu, eta pozten gara Bartzelonako pausoei jarraitzeaz. Durangogaz iragan komun bat partekatzen dugula sentitzen dugu. Euren borroka gurea ere bada, eta inpunitate frankistari amaiera emateko, uste dugu ezinbestekoa dela hirien arteko elkarlana. Horregatik, Durango, Gernika eta Elgeta herriei gure babesa eskaini diegu, eta aholku juridikoa ere bai, bide hori hautatzen badute. Gainera, gure memoriaren elkartruke kulturala ere egin gura dugu.

Duela hile batzuk hainbat udalen artean konferentzia bat burutu zenuten kereilen harira. Zer pauso eman duzue?
Durangogaz lez, gainerako hirien eskura ipini dugu Argentinan eta Bartzelonan zabaldutako auzi judizialen esperientzia. Topaketa horrek inpunitatearen aurkako sare bat sortzeko balio izan zuen; tartean, Iruña, Gasteiz, A Coruña, Zaragoza, Rivas eta Cadiz. Beste hiriak ere Egia, Justizia eta Erreparazioa izeneko manifestuagaz bat egitera animatzeko aprobetxatzen dugu aukera hau. Udalgintzaren kooperazioa inpunitate frankista behin-betiko garaitzeko tresna izan ahal dela sinesten dugu.

Durango Bartzelonagaz eta Kobanegaz senidetzeko ideia onartu dute batzordean

Martxoaren 31n Durangoko bonbardaketaren 80. urtemuga beteko da, eta hori gogoratzeko ekitaldiak prestatzen dabiltza udalean, zeregin horretarako sortutako batzorde berezi batean. Arduradun politikoez gainera, Gerediaga Elkartea, Aranzadi, Durango 1936 Elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldea eta Ongi Etorri Rojava-Kobane taldea ari dira parte hartzen batzorde horretan. Orain arte onartutako gai bat Bartzelona eta Kobane (Kurdistan) bonbardatutako hiriekin senidetzea da. Lanketa hori amaitu eta ofizial bihurtuko lukete martxoaren 31ko ekitaldien bueltan.

Oraindik ez dute egitarau osoa aurkeztu, baina ohiko ekitaldiez aparte berbaldiak eta erakusketak antolatuko dituzte. Arte eta Historia Museoan, esate baterako, Picasso margolariaren grabatu originalak ikusi ahal izango dira.

Kereila, udalaren izenean
Bonbardaketaren egileei lotuta, nabarmentzekoa da erantzuleak auzitegietara eramateko prozesua hasiko dutela Durangon. Udalak Argentinako kereilara batzeko asmoa agertu zuen abenduan, eta, orain, hemengo auzitegietan garatuko den auzian ere bere izenean aurkeztea erabaki dute. Hasieran, Durango 1936 elkarteak aurkeztea zen plana, baina batzorde berezian prozesua udalak bere gain hartzea erabaki dute, alkateak proposatuta. Bartzelonako Udalaren kereila hartuko dute eredu lez, auzitegiak tramitera onartu du eta.

2016ko abenduaren 28an erakunde-adierazpena irakurri zuen udalak, bonbardaketaren erantzuleak auzitegietara eramateko aldarria egiteko. Hain zuzen ere, adierazpen horretan batzorde berezi bat sortzea proposatu zuten martxoaren 31ra begira. Gainera, Argentinako kereilaren kasuan, parte hartu gura duten kaltetu durangarrei tramitea erraztea adostu zuten, bulego bat zabalduz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!