Martin, zelan gogoratzen duzu martxoaren 31 hura? Zer egin zenuen erasoa hastean?
Martin: Aita 07:00etan altxatzen zen egunero, eta Izurtzara joaten zen hilerri ondoko pinudira. Ni izekogaz geratu nintzen gosaltzen eta bazkaria egiten. Sirenak entzuten hasi ginen. Gero, bonbardaketa hastean, bonbak gertu sentitzen genituen. Kalebarrian bizi ginen, eta bat Santa Susana aurrean jausi zen, gu bizi ginen inguruan. Guri tabike bat jausi zitzaigun etxean, eskailerara. Horregatik, ezin ginen bajatu hasieran. Laguntza eske hasi, dena kendu, eta etxejabeak bajatu gintuen babeslekura. Negarrez egon nintzen. Josefatxuk, nire amaren lagun batek garbitu gintuen. Kalebarrian dena zen hautsa, hondakina, zutabea...
Erasoaren hasierako une hori pasatu eta babesleku batera joan zineten.
Martin: Ordubetera ama etorri zen. 10:00ak edo 11:00ak aldera, Erretentxura eraman gintuzten, hango babeslekura. Giroa lasaitu zenean irten ginen. Olea bere semea besoetan hilik zeramala ikusi genuen, hilerrirantz. Arratsaldean berriro agertu ziren hegazkinak. Ehiza-hegakinak ziren. Jendea metrailatzen zuten, eta zangetan sartu ginen. Oso baju zihoazen, pilotuak ikusi ahal ziren. Beldur handia genuen. Beti Anbotora begira geunden, ea hegazkinik bazetorren beldurrez. Azken aldiz, Gernika bonbardatzera joan zirenekoan ikusi nituen.
Gerrako umea ere izan zinen, ezta? Zelan egin zenuten ihes Durangotik?
Martin: Bilbon, itsasontzi batean sartu eta Santanderrera eraman gintuzten. Han, La Habana izeneko itsasontzi kubatarrean sartu eta Frantziara joan ginen. Bordelera heldu, eta Jehobaren lekukoen etxe bitara eraman gintuzten. Hiru hile egon ginen han.
Gero etxera bueltatzeko ordua heldu zen, eta igarri zenuten aldaketa...
Martin: Irunen, ama euskaraz berbetan zegoen, eta kartzelara sartu zuten. Botere handia zeukan Satrustegi izeneko batek lagunduta askatu zuten. Durangora etorri, eta ez ziguten pisurik ematen. Karlista baten etxean hartu gintuzten. ‘Karlisten etxe hau errespetatu ezazu’ zioen plaka bat zegoen.
Zure aitak eta anaiek ere sufritu zuten errepresioa...
Martin: Anaia Paco lan batailoietan egon zen, gero kartzelan, eta 27 urtegaz atera zen. Aita ere kartzelan egon zen. Antonio anaia, 13 urtegaz, kanpoan geundela bakarrik zegoen, eta ikatza saltzen zebilen.
Zelan egin zenioten aurre Frankismoko bizimoduari?
Martin: Pinaburuak eta egurra saltzen atera ginen aurrera, aita lanean hasi arte. Amak euskaraz bazekien, baina atxilotu zutenez... beldurra zegoen. Aparte, Durangon ez zen euskara askorik berba egiten, eremu karlista zen eta.
Bestalde, anekdota bitxi samar bat duzu, arerioekin elkarbizitzaz.
Martin: Guardia Zibilaren kapitain bat gure bizilaguna zen, eta ondo moldatzen ginen. Gure etxera etortzen zen telebista ikustera; gauerdiko partea heltzen zenean, seinalea mozten nuen, eta hark bazekien zergatik zen.
Langile zinela garatutako greba baten ondorioz, preso ere egon zinen denboraldi batez.
Martin: Durangon greba itzel bat egon zen. Asko Guardia Zibilaren kuartelera eraman zituzten. ‘Martin, entregatzen bazara, greba amaituko da Durangon’, esan zidan batek. Komisariara joan, eta esan zidaten zita neukala hurrengo egunerako. Baina, biharamunean, Guardia Zibilak etorri eta Bilbora eraman ninduten; egun bi eman nituen La Salven. Handik, kartzelara, Jaenen. Hiru hile egon nintzen. Beldur handia pasatu nuen. Gauez ateratzen ninduten, auto batean sartu poliziekin, eta harrobi batera eraman.Fusilatuko nindutela esaten zidaten.
Maite: Norbaitek pentsa dezake gaur egun ditugun eskubide laboralak izango genituzkeela eurek egindako borrokarik barik?
Maite, etxean zelan jaso duzue zuen senideek bonbardaketan eta gerran bizitakoa?
Maite: Nik txikitatik dudan oroitzapena da gu ez ginela besteen berdinak. Banekien gerra galdutakoak ginela, baina ideal batzurengatik borrokan jarraitu zuen familia batekoa nintzela ere bai. Ez dut bizi izan gerrarekiko gorroto eta mendeku modura. Ideial horien baitan gu hezten jarraitu zuten, duintasunean. Langileen seme-alabak gara; eurengatik gara garena. Herriarekiko konpromisoan hezi izan gaituzte. Beti izan gara baztertuak; Durangon Barreña izatea ez zen neutroa. Hala ere, gurasoek ez ziguten mendekua elikatu; beti izan dira eskuzabalak eta langileak.
Bonbardaketaren lekukoen kasu askotan, isilean eraman da sufrimendua, traumagatik eta beldurragatik. Badirudi eten bat gertatu zela egun hartan Durangoren historian.
Maite: Esango nuke gure etxean ez dela etenik egon. Gerra galdu eta frankismoa mantendu arren, guretzat ez zen izan itxitako prozesu bat, borrokatzen jarraitzen genuen. Itsasoren amak konpromiso politikoa hartu zuen ikastera joaterakoan; Martin atxilotu zutenean hiru hile zituen Itsasok. Nik nire aitagaz korrika egin behar izan dut manifestazioetan. Borroka askatasuna lortzeko bide lez irudikatu izan dugu beti, ametsak lortzeko bide bakarra baita konpromiso sozial eta politikoa.
Martin: Gu beti izan gara jazarriak Durangon. Anaia bat anarkista zen eta Durangoko aguazilen hilketa leporatzen zioten; etxea 15 egunero miatzen zuten.
Hirugarren belaunaldikoa zara, Itsaso. Zelan heldu zaizu gertakarien kontakizuna?
Itsaso: Beste modu baten bizi izan dut. Istorioak askotan entzun ditut, baina zaila da momentu hori zeuk bizitzea. Ez duzu imajinatzen horrelako gauzak pasatzea duela ez hainbeste urte. Denok dakigu osaba Nicolasen istorioa, ez dela agertu, bila ibili direla leku guztietan... Aititeri entzundakoa da: ‘Seme bat baduzu, Nicolas deitu dadila’. Zuek pasatu duzuen sufrimendua guri ez zaigu transmititu. Hori bai, aititek kontatzen duenean ume bat zenean beldurra pasatu zuela bonbardaketan, benetan hunkitzen naiz.
Aitite Martinek kontatzen dizkizu kontuak ala zuk galdetu izan duzu?
Itsaso: Aititeri gustatzen zaio kontatzea. Bazkaltzen-eta oroitzapen bat badauka, kontatu egiten du, eta gero galderak sortzen dira, kuriositatea izaten dugu. ‘Gerran pasatu genuen goseagaz!’, esaten dit aititek jana amaitzen ez badut.
Urte luzez berba oso gutxi egin da Durangoko bonbardaketaz. Ordea, azken urteetan herri ekimenetik ikerketak eta omenaldiak antolatu izan dira. Orain, udalak kereila jarriko du egileen aurka. Zelan ikusten duzue prozesua?
Maite: Nik uste dut ematen diren pauso guztiak garrantzitsuak direla, baina, Durangon, zauriak itxi barik aurrerapausoak ematen ari dira kontu batzuetan. Zauriak ixteko, egia guztiak eta benetakoak kontatzea beharrezkoa da. Erantzukizun askoz zorrotzagoa eta sakonagoa eskatzen du. Herri honek egia, justizia eta erreparazioa behar ditu. Durangon egon dira batzuk, aitari-eta lanik ez ziena ematen, Barreña zirelako. Batzuk aberastu egin dira, gorriak ginenoi lapurtzearren. Gure moduan, familia asko egon dira Durangon. Egia historiko bati lotutako zor bat dute gugaz.
Itsaso, aurrera begira zer pentsamendu uzten dizu familiaren transmisioak?
Itsaso: Nire ama eta izeko Maite-eta sei seme-alaba dira, eta denek egin zituzten ikasketak. Euren bizimodua egin badute, atzean esfortzu bat dagoelako izan da. Haiek lortu badute, zergatik guk ez? Lezio bat da guretzat.
Nicolas Barreña, gerran desagertua, baina ez ahaztuaGerra Zibilean Malatesta batailoi anarkistako kide izan zen Nicolas Barreña durangarra. Preso jausi zen, eta Santanderreko Sardineroko kontzentrazio eremuan eduki zuten. Geroztik ez dago bere inguruko berririk, desagertu egin zen. Bere hurrekoek duten azken informazioaren arabera, kontzentrazio eremutik alde egin zuen. Baina, han eta hemen bilatzen ibili arren, senideek ez dute bere arrastorik topatu. “Seguruenik hil egingo zuten, fusilaturik edo ihesean zihoala. Gainera, gaia ezkutatu bakarrik ez, Errusiara alde egin zuela esaten ziguten! Bere gurasoak eta neba-arrebak zer gertatu zen jakin barik hil dira”, azaldu du Maite Barreñak. Oroimen berezia dute etxean osaba Nicolasekiko. “Osabaren presentzia beti egon da. Bazegoen egia bat ezin zena kontatu, baina horren lekukoa geneukan. Etxean beti izan ditugu ikurrina eta bandera errepublikanoa; apirilaren 14a beti ospatu izan dugu”, kontatzen du desagertuaren bilobak. Txikitan, jolasean, Malatesta batailoiko kide zirela amesten zuten bilobek. Plakari buruz |