Irazabal: “Durangon bonba su-eragileak bota zituztela baieztatu dugu; beraz, Gernika esperimentu beraren bigarren fasea izan zen”

Jone Guenetxea 2017ko mar. 31a, 12:30

Durangoko bonbardaketaren inguruan baten batek ikertu badu, hori Jon Irazabal (Iurreta, 1960) da. Urteetan hainbat dokumenturen bidez erasoaren inguruko datu ugari bildu baditu ere, azken asteetan Madrilgo eta Erromako artxiboetan aurkitutako informazioak hainbat zalantza argitu dizkio. Datu horiek guztiak Durangoko Udalak bonbardaketaren inguruan auzitegietan jarriko duen kereilako txostenean batu ditu Irazabalek.  

Durangoko bonbardaketaren inguruko ikerketa egin duzu udalak jarriko duen kereilarako. Zer da zehazki ikertu duzuna?
Txostenean jaso duguna da nortzuk izan ziren eraso horren ideologoak, eta baita nortzuek gauzatu zuten ere.  

Nortzuek planifikatu zuten bonbardaketa hori?
Vigón teniente koronelak, Francoren abiazioko arduradun nagusi Alfredo Kindelan jeneralak,  Legión Condorreko  Hugo Sperrle jeneralak eta Richthofen Legion Condorreko Estatu Nagusiak. Lau pertsona horiek planifikatu zuten bonbardaketa. Jakina, Mola jeneralak eta Francok berak bazuten honen berri, eta beraien onespena zuen. Beraz, bien ardurapean egin zen bonbardaketa.

Zeintzuk ziren plan horren zehaztasunak?
Bonbardaketa ofentsiba orokor baten barruan kokatuta zegoen. Bizkaia, Santander eta Asturias menperatzeko eraso handi bat prestatu zuten. Erasoaldi horretan argi eta garbi esaten da bonbardaketak egin behar direla “zibilak aintzat hartu barik”. Beraz, 1932ko Ginebrako ituneko gerraren inguruko araudiaren aurkako erabakia izan zen.

Nola antolatu ziren?
Momentu hartan Francori laguntzen zeuden italiarrek Guadalajarako bataila galdu zuten. Ondoren, beraien batailoi eta agintariak berrantolatzeari ekin zioten. Berrantolaketa hori egin bitartean, Italiako Aviación Legionaria Alemaniako Legión Condorreko beste unitate bat bezala funtzionatzen hasi zen. Aginduak Legión Condorretik jasotzen zituzten. Orduan, Aviación Legionariari Durango bonbardatzea agindu zioten. Zehazki, 24 taldeko 214 eskuadrilari eman zioten agindua.

Nondik abiatu zuten erasoa?
Sorian zuten basetik Savoia 21 motatako lau hegazkin bonbaketari irten ziren. Hegazkin horiei Logroñon CR 32 motatako bederatzi ehiza-hegazkin batu zitzaizkien, eskolta modura. Bonbaketaria hegazkin astuna da, erraz botatzeko modukoa, eta horregatik zetozen eskolta emanda.  Bonbaketarien  izena Pipistrelli edo saguzarra zen, eta ehiza-hegazkinena labezomorroa. Batek labezomorro bat zeraman marraztuta, eta besteak saguzar bat.

Hegazkin horiek guztiak heldu ziren Durangora?
Ez. Zorionez, bonbaketari batek bidean arazoren bat izan zuen, eta Soriara itzuli zen. Hegazkin horrek 580 kilo bonba zeramatzan. Durangora heldu izan balitz, askoz jende gehiago hilko zen. Goizeko bonbardaketak Kurutziagan hasi, eta Ezkurdiraino ez zuten etenik izan. 350 metroko tartea bonbardatzea planifikatuta zuten. Beraien helburua bete zuten. Lekuko batzuen dokumentuen arabera, bonbardaketak zazpi minutu iraun zuen. Hildako gehien Andra Mariko eta Jesuitetako elizetan izan ziren.

Arratsaldeko bonbardaketaren egileak ere beraiek izan ziren?
Arratsaldean hegazkin berberek bonbardatu zuten Durango. Laugarrenaren matxura ezin izan zuten konpondu. Beraz, goizeko bonbardaketaren ostean, Soriara itzuli ziren. Arratsaldean Zeharkalea eta inguruak hartu zituzten erreferentzia moduan. Eurekin batera zazpi ehiza-hegazkin etorri ziren.  

Ehiza-hegazkinek hainbat lagun hil zituzten metrailatuta.
Bai, arratsaldean ehiza-hegazkinak oso baxu zetozen, lekuko batzuek pilotuen aurpegiak ikusteraino. Hainbat pertsona metrailatu zituzten. Horrek erakusten du pilotuek argi ikusi zutela noren kontra zebiltzan: umeen kontra, emakumeen kontra..., eta kontziente zirela helburua zibilak zirela.  

Pilotu guztiak italiarrak izan ziren?
Bai. Teorian italiarrek ez zuten gerran parte hartu. Beraz, pilotu guztiak boluntario moduan aritu ziren, eta bakoitzak ezizen bat zuen. Esate baterako, Delfino Fratini pilotuaren ezizena Constantino D’Angelo zen.

Bonbardaketaren egile guztiak identifikatu dituzue?
Denen izenak lortu ditugu, baina ezizen batzuk ez. Eta pilotu baten ezizena dugu, baina ez bere identitate erreala.

Arratsaldeko bonbardaketan tren geltokia ere suntsitu zuten.
Arratsaldean, goizean parte hartu ez zuten 213 eskuadrilako hegazkinak etorri ziren, eta hauen helburua Durangoko geltokia izan zen. Tailerrak, trenbideak, makinak, bagoiak... Hori, neurri batean, helburu militarra izan zen.

Beraz, martxoaren 31n bi eskuadrila aritu ziren Durangaldean.
Goizean, Soriatik eskuadrila bi irten ziren. 213ko bost bonbaketari eta 214ko lau (bat itzuli egin zen). Logroño parean beraiekin 18 ehiza-hegazkin batu ziren. 213ak Elorrio bonbardatzeko agindua zuen, eta 214ak Durango. 213ak bederatzi eskolta zeramatzan eta Durangokoak beste hainbeste. Arratsaldean, 214a Durangora abiatu zen eta 213a banatu egin zen. Batzuk Elorriora joan ziren, eta besteak Durangora, tren geltokia txikitzera.  

Txostenean, bonbardaketaren eraginez hildakoen inguruan ere ikerketa egin duzue.
300 hildako identifikatuta daude. 60 inguru, aldiz, ezezagunak edo izenik gabeak dira. Azkenengo argitalpenetan 336 hildako izan zirela esan izan da. Inguru horretan egon daiteke. Gertatu izan da Durangoko hildako moduan agertzea, baina errealitatean zaurituta Otxandioko frontetik Bilbora eramandakoak izatea. Bilbon hiltzera, Durangoko bonbardaketan hildako moduan agertzea izan daiteke.  Baina, kasu oso puntualak dira. Baditugu batzuk, familiakoek izena emanda, ezezagunen artean apuntatuta egotea eta birritan zenbatuak izatea. Kasu zehatz horiek aztertu beharra dago.

Kalte materialen inguruan, zein datu jaso duzue?
229 etxe kaltetuak izan ziren. Durangon. Horietatik 70 osorik bota behar izan zituzten, eta bostetik zati batzuk. Garai hartan frankistek eurek egindako balorazioak dioenez, eraikinetan 4.239.901 pezetatakoak izan ziren kalteak. ‘Regiones devastadas’, Francoren departamentuak 1939an egin zuen balorazio bat izan zen.  

Madrilgo eta Erromako artxiboetara bidaiatu duzu azken asteotan, informazio bila. Orain arte ez zenekien zein datu ezagutu ahal izan duzu?
Martxoaren 31ko goizean bonba su-eragileak bota zituztela baieztatu dugu. Beti izan dugu zalantza hori, eta argitu dugu. Gutxienez, 20 kiloko 12 bonba su-eragile jaurti zituzten. Beraz, horrek esan gura du Gernika esperimentu berdinaren bigarren fasea izan zela. Gutxi izan ziren, baina desberdinak. Gernikakoak ugariagoak eta txikiagoak izan ziren. Bestalde, zehazki erasoa gauzatu zutenen izenak finkatu ditugu. Datu hauek Erromako artxiboetan aurkitu ditugu. Hegazkin bakoitzak zein hegaldi egin zuen eta nortzuk zeuden erregistratuta jasota dute, eta liburu hori lokalizatu dugu. Nobedade moduan, bonbardaketa gauzatu zutenak hiru hegazkin bonbaketari izan zirela jakin dugu, eta ez lau edo bost, esan izan den bezala.

Zibilen kontrako erasoa izan zela argi geratzen da txostenean.
Argi geratzen da ez zutela helburu militarrik. Helburua zibilak ziren. Bonbardaketaren funtzioa proba egitea zen, euren bonbak probatzea. Orain lau bat urte Ristofen txosten sekretu bat agertu zen Alemanian. Bertan azaltzen zuen bonba bakoitzak zein kalte eragin zuen. Durangoko, Gernikako eta Eibarko bonbardaketak aztertzen ditu. Bestalde, beldurra sartzeko funtzioa dago. Zibilen artean beldurra zabaltzeak Eusko Jaurlaritza errenditzera bultzatu zezakeela pentsatzen zuten. Estrategia militarren barruan eztabaida handia zegoen gai honen inguruan.

Informazio honegaz guztiagaz, zein ondoriotara heldu zara?
Badut teoria bat. Urtebete lehenago Hitlerrek plan bat aurkeztu zien Frantziari eta Ingalaterrari, gerra mugatzeko. Bonba su-eragileak, gas bonbak eta bonba toxikoak mugatzea gura ei zuen. Gerraren gunea edo espazioa ere mugatzea planteatu zien 1936ko martxoaren 31n, urtebete lehenago. Fartsa bat zen. Bere burua bakezale moduan azaldu gura zuen, baina bitartean armatzen ari zen. Ingalaterrak eta Frantziak ez zioten jaramonik egin, eta handik urtebete zehatzera, Durangoko bonbardaketa gauzatu zuten. Uste dut, neurri handi batean, Durango horrela bonbardatu zutela, Frantziako eta Ingalaterrako gobernuei erakusteko bera zer egiteko gai zen. Zentzu horretan, Durangon eta gero Gernikan bere estrategia berriak azaldu gura izan zituen. Hasierako planifikazioan, egun batzuk lehenago hasteko asmoa zuten, baina alemanek esan zuten martxoaren 31n izan behar zuela. Egun horretan egongo zirela prest.

Piloturen bat bizirik egon daiteke?
Guztira, 42 pilotuk parte hartu zuten bonbardaketan. Ez dakit baten bat bizirik dagoen. Egotekotan, 100 urte inguru izan beharko lituzkete. Bartzelonako 1938ko bonbardaketaren  kasuan erasoa gauzatu zuen pilotuetako bat bizirik dago.

Pilotu hauek zein ibilbide militar izan zuten?
Francok kondekoratu egin zituen, baina hori ohikoa izaten zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Italiako armadan jarraitu zuten hainbatek, eta ohorezko aipamenekin erretiratu ziren asko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!