Martxoak 31

Ramos: “Elorriok fronteagaz zuen lotura haustea gura zuten bonbardaketagaz”

Maialen Zuazubiskar 2017ko mar. 30a, 19:20

Orain arte Elorrioko bonbardaketaren inguruan ezer gutxi jakin den arren, duela 80 urte bonbardaketan bizitakoa ikertu eta gogora ekartzen dabiltza, egunotan, herrian. Horren adierazle dira bihar Jon Ander Ramos (EHUko irakaslea) historialariak egingo dituen bisita gidatuak eta udaletxean 20:00etan egingo duten oroimenerako ekitaldia. 

Zer gertatu zen 1937ko martxoaren 31n Elorrion?
Soriatik abiatu eta Durangaldera Debagoienetik sartu ziren Italiar Aviazione Legendaria hegazkinek Elorrio bonbardatu zuten, Durangogaz batera, 8:30 inguruan. Martxoaren 31n, erasoaldi bateratu batean, 213 eta 214 eskuadrilek Elorrio eta Durango jomuga zituztelarik, herri biak suntsitu zituzten.

Herriaren kanpoaldea suntsituta gelditu zen.
Bai, batez ere, Eleizalde ingurua suntsitu zuten. Jaurti zituzten bonben ehuneko laurogei berton lehertu zen. Martxoaren 31n egindako sarraskiagaz, Elorriok eta Durangok fronteagaz zuten lotura haustea gura zutela jakin badakigu. Bonbardaketekin, Arrasatera eta Elgetara zihoazen errepide nagusiak txikitzea zutela helburu ikusi daiteke.  

Elorrioko Alde Zaharra ez zuten askorik kaltetu. Beraz, esan daiteke horrek Durangon baino hildako gutxiago egotea ekarri zuela?
Baliteke. Egia da Elorrioko Alde Zaharra ez zela askorik kaltetu, baina herri erdigunean hainbat bonba erori ziren. Esaterako,  Berrio Otxoa kalean dagoen Fonda La Pazen bonbaren bat lehertu zen, eta kale horretan bertan hiruzpalau bonba gehiago ere erori zirela jakin badakigu. Gainera, Durangon ez bezala, bonbak ez ziren, ez elizan, ez komentuan erori. Beraz, horrek guztiak hildako gutxiago egotea ekarriko zuen. Dakigunez, 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketan zazpi  herritar hil ziren.

Gerrak ze eragin izan zuen elorriarrengan?
Hainbat ondorio ekarri zien gerrak herritarrei. Esaterako, herriko hainbat eraikinen funtzioak aldatu egin zituzten garai hartan. Herriko komentu eta elizak kuartel modura erabili zituzten, milizianoen leku bihurtu ziren. Casa Jara jauregian, berriz, Comandancia de Guerra de Euskadi-k hartu zuen leku, eta Larizko dorretxea Gurutze Gorriko ospitala jarri zuten, besteak beste. Hori horrela, eta herriko eliza okupaturik zegoenez, gerra garaian elizkizunak Santa Ana komentuan egitera behartu zituzten.

Bestalde, herriko eliza bonben babesleku bihurtu zen.
Elizako koro azpia bilakatu zen herriko babesleku nagusia. Bonbardaketa bizi izan zuten testiguek adierazi zutenez, bazekiten aire erasoren bat jasotzeko arriskua zegoenean babesleku horietara joan behar zutela, eta martxoaren 31an hori egin zuten.

Frontearen mugan zegoen herria zen Elorrio.
Frontearen ondoan zegoenez, Elorriok hilabete luzez pairatu zituen gerraren ondorioak. 1936ko irailetik frontea Intxortan kokatuta zegoen, eta Intxortan gertatutako borroken eta bertatik herrira jaurtitako bonben ondorioz, herritar batzuk hil ziren.

Horrez gain, Elorrio errefuxiatuen gotorleku garrantzitsua izan zela esan daiteke?
Frontearen mugan zegoen herria zenez, Elorriok gerratik ihesi zetozen hainbat gipuzkoar errefuxiatu hartu behar izan zituen. Garai hartan, Elorriok 3.704 biztanle zituen, eta gerratik ihesi zetozen 2.131 errefuxiatu gipuzkoar hartu behar izan zituen. Beraz, argi dagoena da, Mola jeneralaren aginduz, martxoaren 31ko bonbardaketagaz herriak fronteagaz zuen lotura apurtzea gura zutela italiar faxistek.

Bukatzeko, zer aurkituko dute bisita gidatuetara doazen herritarrek?
Bisita hauen asmoa bonbardaketaren gaia gizarteratzea da.  Berrio Otxoa kalea abiapuntu hartuta, bonbardaketaren hondarrak dauden herriko zenbait gune ikusi eta Elorriok bonbardaketa garaian pairatu zuena azalduko dugu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!