Gorka Fraile preso durangarrari egindako probek diote dagoeneko ez duela minbizirik

Anboto 2016ko mai. 14a, 10:29

Minbiziari aurre egiteko ebakuntza egin zionetik urtebetera egindako TAC azterketaren emaitzak eman zizkioten, atzo, Gorka Fraile preso durangarrari, eta, ondo dagoela esan diote; ez du minbizirik. Hala ere, dagoeneko sendatuta dagoen jakiterik ez dutela argitu dute senideek. Etxera ekarri dezaten lanean jarraituko dute.

Senideak oso pozik daude emaitzekin. Horrela azaldu du haren lehengusinak: "Ez dut berarekin hitz egiteko aukerarik izan, baina, ziur oso pozik dagoela. Azterketako emaitzek diote ondo dagoela. Ez duela minbizirik. Zelula txar guztiak kendu zizkiotela ematen du. Garbi dagoela". Hala ere, sendatu den jakiterik ez dutela esan du: “Halakoetan alta hartzeko bost urte igaro behar dira. Gainera, minbizia behin izanez gero errezagoa da berriz sortzea, are eta gehiago expetxeko bizi baldintzekin”.

Badajozeko (Extremadura, Espainia) kartzelan dago Fraile, eta “ez diote behar duen jarraipena egiten”, lehengusinaren esanetan. Horregaitik etxeratu dezaten lanean jarraituko dute. “Badajozeko ospitalean ez dute ondo tratatu, eta espetxeko baldintzak ez dira aldatu. Egoera berdina da. Hori dela-eta, etxera ekarri dezaten lanean jarraituko dugu”. 

Iaz egin zioten ebakuntza Gorka Fraileri minbizia sendatzeko. Jasotako tratu txarra salatu zuen orduan. Dozenaka herritarren babesarekin Fraileren aldeko plataforma aurkeztu zuten otsailean Durangoko Andra Mariko elizpean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!