Gorka Frailek ANBOTOra bidalitako gutuna

Gorka Fraile 2015ko uzt. 17a, 10:59

Anbotok eskaintzen didan atal hau aprobetxatu nahi dut, zuen baliabide guztiekin, nire egoeragatik kezkatu zaretenei eta gertatutakoa salatu duzuenei, bihotz bihotzez eskerrak emateko.

Jakingo duzuenez, ekainaren 9an Badajozeko Infanta Cristina ospitalean mingainean neukan tumore txar bat kentzeko ebakuntza egin zidaten. Mediku taldearen esanetan, 12 orduko ebakuntza, garrantzi eta zailtasun handikoa zen. Horregatik ebakuntza baino 24 ordu arinago ingresatu ninduten.

Jakingo duzuenez ere, teorikoki ebakuntza prestaketarako 24 ordu horietan poliziarengandik jasandako tratu txarrak salatu nituen.

Zuetako askok jakingo ez duzuena da, ordea,  hain handia eta basatia izan zela jasan nuen presioa, psikologikoki suntsituta utzi ninduela. Iluntzean, hain jota nengoen, handik irtengo ez nintzela pentsatu nuela.  Nuen indar gutxia burua ez galtzeko erabili behar izan nuen. Oso, oso gogorra izan zen, nire bizitzan bizi izan dudan momenturik okerrena.

Laburbilduz, ospitalera heldu nintzen momentutik, nirekin egon ziren polizien helburua ni psikologikoki suntsitzea zen. Heldu nintzenetik, bizkarrean ipini zizkidaten eskuburdinak eta aulki batean jesarrarazi ninduten. Ordu batzuk pasata, kentzea eskatu nien, urduri nengoelako hurrengo eguneko ebakuntzagatik, zazpigarren solairuan eta 5 poliziekin egonda, oso zaila egingo zitzaidala ihes egitea… baina ezetz esan zidaten. Honetaz gain, eguna, gaua, ebakuntza aurretik eta ebakuntza ostean ere horrela egongo nintzela erantzun zidaten. Ebakuntza ostekoa horrela imajinatzeak  larritu ninduen, asko estutu nintzen. Deskantsatzen saiatzen nintzenean, ordenagailuak eta mugikorrak erabiltzen zituzten bolumen altuan pelikulak edo beste zerbait  ipintzeko. Barre egiten zuten, eztulka hasi … edozer gauza ni suntsitzeko.

Bazkaltzeko orduan, eskuburdinak aurrean ipini zizkidaten eta horrela utzi ninduten.

Arratsaldeko 19:30etan nire familia sartu zen ni ikustera, 3 pertsona, 10 minutu bakoitza, 30 minutu guztira. Momentu honetan, hain larri nengoen, ebakuntza bertan behera utzi eta espetxera bueltatu nahi nuela esan niela.

Lehena sartzen nire arreba izan zen, Pili, eta bera ere, ni horrela ikustean, larritu zen.

Joaterakoan, negarrez ikusi nuen.

Gero nire izeko Txaro etorri zen eta hartu zuen inpresioarekin, joan zenean, hankek huts egin zioten, ia erori zen.

Nire emazteari, Juliri, benetan proposatu nion ebakuntza bertan behera uztearena, ez nuelako
batere argi handik irtengo nintzela. Kostata, baina lortu zuen ni konbentzitzea.

Gauean, lur jota nengoen eta poliziei oheratu nahi nuela esan nienean, eskuburdinekin ohera lotu ninduten. Egiten zuten zarata eta nire urduritasunagatik, ez nuen batere lorik egin eta ez nintzen ebakuntzara ez lasai ezta deskantsatuta ere joan. Ebakuntza ondo joan zen, eta bukatu zenean, injertoa ondo gera zezan, 48 ordutarako sedatu ninduten. Baina 24 ordutara esnatu nintzen. Kirofanora oso urduri sartu nintzenez, horrela esnatu nintzen ere eta tuboak kentzen saiatu nintzen. Ebakuntza ostekoari beldur handia nion eta, gainera, erizain batere profesional batekin topo egin nuen. Zauriak bortizkeri handiz sendatu zizkidan eta bere ironiak eta irainak jasan behar izan nituen. Juli bisitan etorri zenean, erizainarekin gertatutakoa kontatu nion eta berak, medikuari kontatu zion. Honek, erizainaren bertsioa entzun gabe, alde batera utzi eta ordezko bat ipini zuen.  Egoera hau hain arin konpontzeko, zerbait ikusiko zuten…

Julik kontatu zidan Durango mobilizatzen ari zela, nire egoera salatzen ari zela, salaketa horiek Euskal Herritik zehar zabaltzen ari zirela, nire konfidantzazko medikuak niretzako tratu duina eskatzen ari zirela, nire abokatuak ere, baita Amaiur ere Madrilen…

Julik, plantara igotzen nindutenean, egoera aldatuko zela esaten zidan behin eta berriz. Beraiek, ospitalean, tratu hobea igartzen zuten dagoeneko. Eta horrela izan zen, bai, tratua aldatu egin zen.

Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuet, zuei guztiei esker polizia nazionalaren jarrerak 180 graduko bira eman zuen. Infernuan egotetik argia ikustera pasa nintzen eta, pixkanaka pixkanaka, sartu nintzen zulotik ateratzen hasi nintzen.

Gaur egun, hiru aste pasa eta gero, gainditzen ari banaiz ere, zaila egiten zait oraindik gertatukoari buruz hitz egitea emozionatu gabe.


Bukatzeko, berriz ere, bihotz bihotzez,  eskerrik asko.

GORKA FRAILE ITURRALDE

DURANGOKO EUSKAL PRESO POLITIKOA

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!