Gorka Fraile preso gaixoa askatzea eskatu du Durangoko Udalak

Anboto 2016ko api. 19a, 19:40

Udaletxe kanpoan, Fraileren egoeraz informatu dute zenbait lagunek.

Fraileren aldeko plataformak aurkeztutako mozioa EAJk, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak babestu dute. "Egoera urgentea" dela ohartarazi du Ane Ortuondo plataformako kideak, osoko bilkuraren amaieran.

Gorka Fraile preso durangarrari (ETAko kide izateagatik 18 urte daramatza kartzelan) minbizia atzeman zioten duela urtebete inguru, eta ebakuntza egin zioten horren ostean. Geroztik, ez diote bestelako frogarik egin, berak publikoki salatu duenez. Ortuondok egoera hori gogoratu du, eta ezer egin ezean Fraileren osasunak txarrera egin dezakeela azaldu du. "Horrelako kasuetan araudiak ahalbideratzen duen bezala, Gorkak minbiziari aurre egiteko daukan bide bakarra etxera ekartzea da". Plataformak Fraileren askatasuna eskatu du mozioan, giza eskubideak oinarri hartuta. Aldeko jarrera agertu duten alderdiei eskerrak eman dizkie Ortuondok.

Goiztidi Diazek (EAJ) aldeko jarrera arrazoitu du: "EAJ beti egon da giza eskubideen alde, pertsona guztientzat. Atzo, gaur eta bihar". Dani Maezturen (EH Bildu) ustez, "minbizia duen pertsona bat ez da kartzelan egon behar". Gainera, Espainiako kartzela politika salatu du. Durangoko presoen senideek, guztira, kartzeletan bisitatzeko astebururo 18.138 kilometro egin behar dituztela gogoratu du. ETAk jarduera armatua 2012an amaitu arren ere, "mendeku politika" ezartzen dela kritikatu du, eta preso gaixoen kasuan "pauso bat gogorragoa" dela. Julián Ríosek (Herriaren Eskubidea) "bakearen eta giza eskubideen aldeko konpromisoa" berretsi du.

PSE-EEren jarrera
PSE-EEk ez du mozioa babestu, eta alternatibo bat aurkeztu du. Legeari jarraiki, gaixorik dauden presoei baldintzapeko askatasuna ematearen alde agertu dira sozialistak, eta baita presoak gradualki hurbiltzearen alde ere. Baina, ETAri desarmea eta desagerpena exijitu dizkio, eta presoei mina onartzea ere bai. Pilar Ríos: "Kartzela politika aldatu behar da, baina presoek, eragindako kaltea onartu behar dute".

Fran Garatek (PP) adierazi du gaiaren eskumena espetxeetako instituzioena dela, eta horregatik, ez du mozio bat ere babestu. "Espainia zuzenbide estatua da. Eskubideak eta zigorrak daude. Preso gaixo larriek 3. gradua lor dezakete arrazoi humanitarioengatik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!