Hona hemen, osorik, Gorka Frailek idatzitako gutuna:
Kaixo lagunak:
Nire egoera zein den helarazteko idazten dut gutun hau. Kontatzeko gauza asko daude… baina nire asmoa ez da larregi luzatzea, beraz, esan bezala ez naiz larregi luzatuko. Bi hitzetan laburbilduz: kezkatuta nago, baina animatua.
Kezkatuta nago, mediku guztiek dioten bezala, minbizia erregeneratzeko boleto gehiegi dauzkadalako eta espetxean bizi dugun egunerokotasuna, tentsioa, urduritasuna, elikadura kaskarra etabar nire gaitzarako okerrena delako.
Ebakuntza egunetik hona, ez didate inongo frogarik egin.
Administrazioak eta epaileek, espetxeetan behar bezalako zaintza eta jarraipena daukagula argudiatuz, atzera botatzen dituzte gaixo gauden presoen eskaerak.
Zoritxarrez, gezur zikin horien ondorioak nire azalean bizitzen ari naiz. Jada, 7 hilabete pasatu dira ebakuntza egin zidatenetik eta ez didate TAC misero bat ere egin, niretzak honek suposatzen duen ezinegonarekin: minbizia, zelan dago? Erregeneratu zait? Metastasis?....galdera asko..
Beste alde batetik, animatuta nago. Gurekiko daukazuen mobilizazio, borroka eta konpromisoari esker! Oso animatuta eta gogotsu nago!
Badakit, modu batean edo bestean zuek esaten didazuelako, herria erabat mobilizatuta dagoela eta mobilizazio guztiak jendetsuak direla. Horregaitik, esan beharra daukat nire herritaz oso harro sentitzen naizela, ohore bat da niretzako durangarra eta euskal herritarra izatea.
Bukatzeko, azken garai honetan gure artean sortu den iskanbilari buruz, komentario txiki bat: Amnistiaren leloa beti denon aldarrikapena izan da, ezker abertzale osoarena eta ez multzo batena, gaur egun batzuk nahi duten bezala.
Indarrak sakabanatuz ez goaz inora, egin dezakegun akatsik handiena izango litzateke. Gure helburu guztiak, dudarik gabe, indarrak bilduz lortuko ditugu!
Besterik gabe, lagunak, jaso ezazue besarkada bana.
Eutsi gogor eta urte berri on!!!