Ekainean Durango argazkiz jantziko duen Begira jaialdia, gertu

Anboto 2014ko mar. 14a, 09:00
Argazkilaritzaren alde teorikotik praktikora salto egin gura dutenentzako tailerrak eskainiko ditu 2014ko Begira Photo jaialdiak. Aurten lehenengoz, gainera, umeentzako tailer bat ere antolatu dute. Zaloa Fuertes argazkilariak gidatuko du.

 

Ekainaren 10etik 29ra antolatuko dute Begira Photo jaialdia, Durangon, eta dagoeneko lotuta dauzkate antolatzaileek jaialdiaren programazio erakargarriko hainbat osagai. Hitzartuta dauzkate hainbat hitzordu. Aurtengo edizioaren zutabe nagusietako batzuk euskal sortzaile gazteen, eta Marokoko eta Peruko artista garaikideen lana ezagutarazteko aukera eskaintzea da.

Aurreratu dutenez, zazpi erakusketa izango dira egun horietan Durangon, lau berbaldiz, argazki liburuen aurkezpenez, argazki emanaldiez eta tailerrez gain. Jaialdiaren berritasunetako bat da Zaloa Fuertes Durangaldeko argazkilariak umeei zuzenduta gidatuko duen tailerra.

Laugarren urtez dihardu Kinua argazki elkarteak jaialdia antolatzen, eta aurreko edizioetan bezala, sorkuntza fotografiko garaikidearen zabalkundea egitea du helburu. Jaialdiari esker, argazkiek hartuko dute Durango, ekainean. Arte eta Historia Museoan, dendetako erakusleihoetan, merkatuan, Plateruenean eta kalean izango da zer ikusi: Rous Boisier, Bego Antón, Segun Lazkano, Goiuri Aldekoa-Otalora eta Helena Goñiren lanak izango dira, besteak beste, ikusgai.

Sortzaileekin solasean

Erakusketez aparte, bestelako proposamenak ere badakartza 2014ko Begira jaialdiak: ideia trukerako pentsatutako elkarrizketak izango dira sortzaile gonbidatuen eta entzuleen artean. Esate baterako, Txelu Angoitia, Jesus Mari Arruabarrena eta Goiuri Aldekoa-Otalora Durangaldeko argazkilariek eta Jesus Micó argazkilariak parte hartuko dute Arte eta Historia Museoko saio horietan.

Argazkilaritzaren alde teorikotik praktikora salto egin gura dutenentzako tailerrak ere eskainiko ditu Begira Photo jaialdiak. Batetik, Jesus Micó argazkilariak ekainaren 14an eta 15ean eskainiko duen sorkuntza pertsonalari buruzko tailerra dago. Cadizen jaiotakoa da Micó, eta bere hirian medikuntzan lizentziatu eta gero hartu zuen argazkigintzako bidea, Bartzelonan Arte Ederrak ikasita. Bestalde, Zaloa Fuertes Durangaldeko argazkilariak gidatuko du ekainaren 21 eta 27ko tailerra. Umeentzako pentsaturiko ekintza izango da aipaturiko hori.

Jaialdiaren 19 egunen ostean, ekainaren 28an, Durangoko Plateruenean emango diote ekimenari amaiera. Oskar Alegriaren Emak bakia filma emango dute, 19:00etan, eta egileagaz solasaldia partekatzeko aukera ere eskainiko dute, ondoren, 21:00etan. Jaialdian parte hartzen dutenen artean Begira Lagun saria banatuko dute, eta DJ baten musikak lagunduta amaituko dute aurtengo edizioa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!