"Adibide errealak hartuko ditugu oinarri: praktikoa izango da tailerra"

Anboto 2013ko eka. 8a, 09:00

'Zelan izan argazkilaria XXi. mendean' tailerra eskainiko du Juan Valbuenak Begira jaialdian

 

Nondik datorkizu Durangoko Begira jaialdiagaz harremana?

Banekien jaialdia existitzen zela, eta zuzenean ezagutu ez arren, inguru berdinetan mugitu izan gara beti Leo antolatzailea eta ni. Interes oso antzekoak dauzkagu: liburuak, zinema, argazkiak... Bilbon eskaini nuenaren antzeko ikastaroa eskaintzea proposatu eta jaialadira gonbidatu nau. Barikuan argazkilaritza edizioari buruz egingo dut berba, eta tailerra eskainiko dut asteburuan.

 

Parte-hartze bikoitza izango duzu, beraz, Begira jaialdian. \"\"

 

Bai, ekainaren 28an, Haciendo libros izeneko berbaldia eskainiko dut: Book in progress plataformari buruz, eta parte hartzen dudan Phree editorialaz egingo dut berba, eta bertan sortutako argazki liburuak erakutsiko ditut. Asteburuan batuko gara tailerrean.

 

Parte-hartzaileak argazkigintza gaur egun zertan den kokatu gura dituzu tailerragaz, ezta?

Bai, alde batetik hori da helburua. Errealitatean kokatuko gara, baina ez ikuspuntu negatibo batetik. Adibide errealak hartuko ditugu oinarri: oso praktikoa izango da tailerra. Argazkilari izan gura dutenei esango diet, posible dela, baina lehen funtzionatzen zuten gauza batzuk aldatu behar direla, gaur egun ez baitute balio. Prest egon behar dugu negoziatzeko, bezeroak edukitzeko... Oreka bilatuta: norberak egin gura dituen argazkiak eta enkarguak uztartuta.

 

Zure esperientziatik egingo duzu tailerrean berba.

Bai, noski. Nophoto agentzian dihardut 2005etik, eta nire esperientziatik egiten dut berba. Zelan noan uztartzen lan pertsonalak eta profesionalak, zelan elikatzen duen batak bestea, eta zelan zaramatzan horrek argazkigintzako ibilbide oparoa edukitzera. Tesi orokorra da, alde bi horietariko bati dena ematen badiozu, argazkigintzan daramazun ibilbidea kaltetuko duzu; enkargu gehiegi badaukazu txarto zabiltza, argazkilari moduan ase barik, eta proiektu pertsonaletan bakarrik bazabiltza ezin zaitezke bizi. Oreka puntu hori lortzera animatu gura dut jendea adibide errealen bitartez.

 

Parte praktikoa ere badauka gidatuko duzun tailerrak.

Bai. Parte-hartzaileen proiektuak zelan optimizatu landuko dugu: aurrekontuak egin eta, finantzazioa lortu...

 

Zer enkargu mota egiten duzue Nophoto agentzian?

Argazkigintza dokumentalean nabil batez ere, enpresen edo elkarteen irudi korporatiboan, azkenaldian. Uste dut dokumentaletik badaukala lan horrek. Gaur egun, prentsako argazkigintza dokumentalagaz bizimodua ateratzea oso zaila da, eta uste dut sektore berri horretan badagoela lanerako aukerarik.

 

Phree izeneko editorilean ere badiharduzu.

Bai, duela urtebete sortu genuen argazkigintza dokumentalean espezializaturiko editoriala. Ekainaren 28an azalduko dut nola egin dezakeen aurrera editorial txiki independente batek, zer helburu dauzkagun...

 

Ematen du gizartearen tendentzien kontrakoa dela argazki liburuak kaleratzea?

Bai, baina egiatan, historiako momenturik onena da argazki liburuak egiteko, nik uste. Badago aukera berriak ematen dituen teknologia, eta esango nuke ‘errebote teknologiko’ moduko bat gertatu dela: musikan biniloagaz moduan, mikromundutxo bat sortu da, eta funtzionatu egiten du. Argazki liburua gure lanaren produkturik onena dela uste dugu argazkilari askok. Liburu on batek asko promozionatzen du argazkilari bat.

 


Madrilgo Lavapies auzoko \'patera etxe\' bateko 
errealitateari buruz

 

Fisika ikasi zuen Juan Valbuenak, baina egon da argazkigintzari lotuta: “Institutuko argazki laborategiaren arduraduna nintzen, aitak ere beti eduki zuen laborategia etxean...”, kontatu digu Valbuenak. Duela 10 urte egin zuen argazkigintzarako hautua.

 

\"\"Udazkenean aterako duen liburu batean dihardu orain lanean. Madrilgo Lavapies auzoko patera etxe bati buruzkoa da, eta hamahiru liburuko kutxa bat izango da lan horren emaitza. Horren moduko proiektu pertsonalak zelan egin bideragarri bere esperientziatik kontatuko die Juan Valbuenak tailerrean parte hartzen dutenei: “Zure proiektua ulertzen duen jendea topatzen jakitea oso garrantzitsua da, eta patera etxeen inguruko nire proiektua da horren adibide”. Caixa fundazioak ordainduko du proiektuaren parte bat, baina Valbuenak guztiz autonomo jardun du lanean; esperientziatik dio: “Zuk proiektu bikain bat daukazula jakin dutelako, eurak ez dira zugana etorriko”.

 

Lavapieskoa bezalako lan pertsonal luze eta geldoago horiek “hondoko korronte baten antzekoak dira, motibagarriak, eta bitartean enkargu labur eta zehatzak egiteko modukoak”, azaldu du Valbuenak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!