"Oso inpaktu handia izan da nire argazkiak tamaina honetan inprimatuta ikustea"

Anboto 2013ko eka. 28a, 12:11
Lau argazkiko 'Azala' instalazioa ipini du Zaloa Fuertes argazkilariak Durangoko Platerueneko fatxadan ikusgai. Begira jaialdiaren ekimena da

 

Nondik sortu da Platerueneko instalazio hau paratzeko ideia?

 

Iaz, Begira jaialdiko tailer batean parte hartu nuen, eta bertan ezagutu nuen Leo Simoes Begirako koordinatzailea. Abenduan erakusketa honetarako proposamenarekin etorri zitzaidan. Hasieran ez nuen argi ikusi, errespetua ematen zidan, jaialdira oso jende ona etortzen delako... Baina animatu ninduten, eta azkenean, onartu nuen.

 

Lehenengo aldia da zure lana honelako formatuan erakusten duzuna?

Bai. Oso inpaktu handia izan da nire argazkiak tamaina handi honetan inprimatuta, eta gainera, fatxada batean ikustea.

 

Platerueneko terrazan kafea hartzen duten guztiengana zure argazkiak helarazi ahal izateko aukera polita da, ezta?

Zorte handia da, bai. Kaleko zer edo zer kalera eroatea da: uste dut margo bat edo argazki bat ez dela zertan beti museo batean erakutsi, eta sozialagoa egiten zait aukera hau: askoz jende gehiagorengana ailegatzeko aukera da.

 

Zelakoa izan da abendutik honako sorkuntza prozesua?

Oso gogorra eta era berean, oso aberasgarria. Barruko sentsazioekin lan egitea oso zaila izaten da, pentsamendu horiek oso abstraktuak izaten baitira askotan. Blokeo une asko bizi izan ditut, eta laguntzen eduki ditut bai Leo Simoes, bai eta Ricky Davila argazkilaria ere.

 

Zer gomendio jaso dituzu argazkilari horiengandik?

Itxuraz polita denari barik, barrukoari, benetakoari, garrantzia ematera bultzatu naute. Asko ikasi dut, akuilu izan ditudalako bilaketa horretan.

 

Zein da \'Azala\' proiektuaren azpiko oinarrizko ideia?

Barruan dagoena eta kanpokoa banatzen dituen muga da azala. Kontzeptu horren inguruan egin dut gogoeta, eta hortik dator proiektuaren izenburua.

 

Ikusgai dauden laurak baino gehiago sortu dituzu?

Pentsa, 500 argazki inguru inprimatu ditut, eta horien artean egin dut aukeraketa: zeintzuek daukaten indarra, zeintzuek adierazten duten ondoen kontatu gura dudan hori, eta abar kontuan harturik. Kolorezko eta zuri-beltzeko 20 aukeratu ditut, eta horiek osatzen dute Azala proiektua. Horietariko lau dira hemen ikusgai daudenak.

 

Hau baino proiektu zabalagoa da, ‘Azala’, beraz?

Bai, epe luzerako proiektua da osatu gura dudana. Ehun bat argazki sortzea eta liburu batean biltzea da nire ideia, edo proiekzio bat egitea. Oso motibatuta nago lan honekin.

 

Instalazio honetan ipini dituzun lau argazki hauek zergatik aukeratu dituzue?

Formatuagatik aukeratu ditut, batez ere. Beste argazki batzuk ere baditut ederrak, baina oihal batean inprimatu ditudanez, ezin ziren detaile askoko argazkiak izan. Oso gustuko ditut beste argazki batzuk ere, baina azkenean, kanpoan uztea erabaki dut.

 

Beste eraren batean ere parte hartuko duzu Begiran?

Bai, Valbuenaren tailerrean parte hartuko dut. Iaz parte hartu nuen tailer batean lehenengoz, eta oso betegarria iruditu zitzaidan: besteen lanak ikusten dituzu, eta zure proiektuari heltzeko bultzada jasotzen duzu. Oso jende adituak zure lana kritikatzetik ere asko ikasten duzu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!