Begira argazki jaialdia udaletxeko plazan ere, herritar denen bistara

Anboto 2013ko uzt. 7a, 08:13

Formatu handiko bost erretratu ipini dituzte Durangoko udaletxe pareko eraikinaren fatxadan

 

Ivan Urarte, Goiuri Aldekoa-Otalora, Iñaki Folgado, Alba Castrillo eta David Vilanovaren argazkiak daude postetxea izandako eraikinaren fatxadan, udaletxe plazan. Begira argazki jaialdiaren barruko ekimena da: jaialdiaren antolatzaileek herritar guztiei zabaldu zieten erretratuak bidaltzeko deialdia, eta jasotakoen artean aukeraturikoak dira bost hauek. Uztailaren 14ra arte egongo dira Durangoko udaletxeko plazan ikusgai.

 

Uztailaren 14an amaituko da Begira argazki jaialdiaren hirugarren edizioa. Egun horretan kenduko dute Platerueneko fatxadatik ere Zaloa Fuertesen Azala lana.

 

Oraindik bisitatu ez duenak, uztailaren 14ra arte du aukera, baita, Juan Diego Valera Argentinako argazkilariaren Arte eta Historia museoko erakusketa ikusteko. Coma du izena, eta egilearen berbetan, “etenbako aldaketa, eboluzio, dekonposizio eta desagertze prozesuan dagoenari buruzkoa da”.

 

Hiru proiekzio saio egin dituzte, bestalde, Begira jaialdiaren barruan, Durangoko Arte eta Historia museoan, asteon. Txileko argazkilari talde batek euren herrialdean zehar egindako bidaiaren argazkiak erakutsi dituzte lehenengo saioan; BlankPaper eskolari buruzkoa izan da bigarrena; Guatemalako GuatePhoto jaialdiko parte- hartzaileen lanen selekzio bat ere eman dute; eta Ingalaterrako Bristol eta Birmingham hirietan garaturiko IC Visual Lab kolektiboaren lanak erakutsi zituzten atzoko proiekzioan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!