"Podiumerako aukerak ikusten nituen, baina zilarra lortzea sorpresa izan zen"

Anboto 2012ko mar. 15a, 08:30

Bidezabal klubeko Alicia Varasek zilarrezko domina irabazi du oraintsu Espainiako atletismo txapelketa absolutuan, 60 metrotan. Hemeretzi urtegaz, aurretik etorkizun oparoa duela erakutsi du atleta durangarrak

Bidezabal klubeko Alicia Varasek zilarrezko domina irabazi du oraintsu Espainiako atletismo txapelketa absolutuan, 60 metrotan. Hemeretzi urtegaz, aurretik etorkizun oparoa duela erakutsi du atleta durangarrak.

 

\"\"

 

Espero zenuen Espainiako txapelketan zilarra irabaztea?

Podiumerako aukerak ikusten nituen, baina apur bat sorpresa izan zen. Laugarren nindoala, lehenengo sailkatua deskalifikatuta geratu zen. Nire antzerako denboretan zebilen atletari ere ez zitzaion final onegia atera. Beraz, azkenean zilarrezko domina irabaztea lortu nuen.

 

Zeuk ere ez zenuen irteera onegia egin finalean.

Ez, hasierako metroak txarrak izan ziren oro har; hau da, irteera bera eta lehenengo urratsak kaskarrak izan ziren. Ondoren, atzetik aurrerako bidea egin behar izan nuen.

 

Final hark bitxikeria bat ere utzi zuen.

Maria de Frutosek nire denbora berdina egin zuen (7’70’’), ehunenetan zein milarenetan. Ondorioz, biok irabazi genuen zilarrezko domina.

 

Aurretik inoiz gertatu zaizu hori?

Ez, sekula ez. Beste norbaiten kasua ezagutu nuen, baina niri ez zitzaidan aurretik sekula horrelakorik gertatu.

 

Helmuga zeharkatzerakoan albora begiratuta gauzak estu zeundela ikusiko zenuen.

Normalean lasterketa amaitu eta denboren pantailara begiratzen dugu segituan eta, kasu hartan, arrazoi gehiagoz, inork ez zekielako nor sartu zen lehenengo.

 

Aurten Bidezabalera itzuli aurretik urte bi eman dituzu Puerto de Alicante taldean.

Ohorezko mailan ari den taldea da eta atleta oso onak dituzte. Atletismoan dabilen jende gehiago ezagutzeko aukera eskaini zidan. Gazteen mailako txapelketa askotan parte hartzeko aukera izan dut, baina orain nagusietan aritzeko adina dudanez, Bidezabalera itzuli naiz.

 

Bidezabalek deitu zaitu ala zeu itzuli zara?

Bietatik apur bat. Alde batetik, etxera itzultzea desio nuen; bestetik, nire entrenatzailea Bidezabaleko kidea da eta behingoz etxera bueltatuko ote nintzen galdetu zidan (barreka).

 

Lagun zaharrekin topo egin duzu klubean?

Taldekide moduan bai. Asko poztu nau txapelketetan berriro eurekin batera egoteak. Dena dela, taldekide moduan ez bazen ere, sarritan ikusi izan ditut, txapelketa batean ez bazen bestean topo egiten genuelako. Beraz, mantendu dugu hartuemana.

 

Aurten domina lehenengoz irabazi duzun arren, urte asko daramatzazu txapelketa absolutuan parte hartzen.

Badira hiru bat urte, bai. 2009an Sevillan jokatu zen txapelketan seniorrekin aritu nintzen. Hamasei urte nituen sasoi hartan. Gogoan dut oso urduri nengoela, normala den moduan, baina asko disfrutatu nuen hain maila handiko atleten artean.

 

 

Orain arte 60 eta 100 metrotan zentratu zara. Distantzia horiekin jarraituko duzu?

Beti gustatu izan zait 200 metrotan denbora on bat lortzen saiatzea. Baina, orain arte argi geratu den moduan, 60 eta 100 metrotan ibiltzen naiz ondoen. Beraz, distantzia bi horietan jarraituko dut.

 

Zenbat eta distantzia laburragoak hobeto?

Bai, 60 metrotan 100 metrotan baino hobeto aritzen naiz. Nire gorputzak 60 metrotan ematen du daukan onena.

 

Hain distantzia laburreko lasterketak zelan entrenatzen dira?

100 metroetan aritu arren, entrenamenduetan serie luze asko egiten ditugu. Nork bere indarguneak eta hutsuneak zeintzuk  diren aztertu behar ditu lehenengo. Nik hasierako bizitasun hori daukat, beraz erresistentzia lantzen saiatzen gara. Serie horiek 300 metrokoak izan daitezke edo kilometrotakoak.

 

Zeintzuk dira zure hurrengo hitzorduak?

Promesen mailan gabiltzanok aurten ez dugu nazioarteko hitzordurik. Datorren urtean munduko txapelketa izango da eta horretarako denbora minimo bat markatu behar denez, udan horixe lortzen saiatuko naiz.

 

Bidezabaleko emakumeek makina bat domina lortu dituzte aurten. Sasoian zaudete.

Ohorezko mailan gaudenez, klubak nesken aldeko apustua egiten du. Mutilak etxekoak izaten dira, eta emakumeetan noizean behin kanpotik ere fitxatzen da. Hala ere, egia da domina asko irabazi ditugula. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!