Jaurtiketa Luzeen Euskadiko Txapelketan ezarri du Espainiako errekorra; Bidezabal taldeak 12 domina lortu ditu.
Zorrozan jokatutako Jaurtiketa Luzeen Euskadiko Txapelketa oso emankorra izan da Bidezabal Atletismo Klubarentzat. Hamabi domina lortu ditu (sei urrezko) eta Arantza Morenok errekor berria ezarri du.
Morenok xabalinan urrezko domina bi irabazi ditu, 500 eta 600 gramoetan. Goi mailan ibili zela esatea gutxi da. 600ekoan bere aurreko marka metro bi hobetu zuen (47,41 metro), baina 500ekoan etorri zen ezustekoa: 52,29 metroko jaurtiketagaz Espainiako errekor berria ezarri zuen gazteen mailan.
Xabalina ez ezik, eskubaloia ere praktikatzen du Morenok, eta kirol batean zein bestean nazioarteko txapelketetan aritu izan da. Bietako bat lehenesteko unea heltzean zeinekin jarraituko ote du?
Kadeteetan Leire Gorritxategik ere urrea kolkoratu zuen (39,53 metro) xabalinan. Zarandona anaiek bina domina irabazi zituzten: Asierrek urrea eta zilarra jantzi zituen euskal barran eta disko jaurtiketan; Iñigok brontzea eskuratu zuen modalitate bietan.
Libe Solozabal Euskadiko txapeldun izan zen mailu jartiketan (24,81 metro) eta Ainhoa Izagirrek lagundu zion podiumeko bigarren tokian. Mailu jaurtiketan urrea jantzi zuen beste bat David Fuentes izan zen (43,74 metro). Azkenik, Bryan Slash-ek xabalinan eta Ziortza Zarragak disko jaurtiketan brontzea eskuratu zuten.
Krosean ezin
Espainiako Kros Txapelketan zelaian-zehar, emakumeen lehian lehenengo hogeien artean geratzea zuten helburu Belit Solar eta Iraia Garciak, baina 51. eta 69. amaitu zuten. David Garcia 65. sailkatu zen seniorretan eta Iratai Sarriugarte 55. gazteetan.
Asteburuko txapelketak
Asteburuan pista estaliko Espainiako txapelketa jokatuko dute gazteetan eta Ander Santosek domina bat irabazi dezake 800 metrotan. Azkenik, pista estaliko Espainiako beteranoen txapelketan, aurreko errekorra hautsi gura du Salvador Casalek 800 metrotan.