Espainiako Txapelketan zilarra Alicia Varasentzat

Anboto 2012ko ots. 27a, 09:29
Bidezabal atletismo taldeko korrikalariak hirugarren amaitu zuen 60 metroetan

Bidezabal atletismo taldeko korrikalariak hirugarren amaitu zuen 60 metroetan.


Asteburuan pista estaliko Espainiako Atletismo Txapelketa absolutua jokatu dute Sabadellen eta bertan domina lortzeko esperantzak errealitate bilakatu ditu Bidezabal taldeko Alicia Varasek. 60 metrotan zilarra jantzi du 19 urteko gazteak jardunaldi bikaina osatuz. Horixe izan da Bidezabalek lortu duen domina bakarra. Distantzia horretan Ana Torrijos geratu da txapeldun eta Maria de Frutosek ere zilarra irabazi du, Varas eta biek denbora bera egin dutelako.


Lehenengo txanda erraz gainditu ondoren, finalerdietan ere lan bikaina osatu zuen durangarrak eta bigarren denborarik onenarekin sailkatu zen finalerako (7.70). Gerora txapelduna izango zen Ana Torrijosek bakarrik hobetu zuen bere denbora (7.55). Maria de Frutosek Varasek baino hiru ehunen gehiago behar izan zuen eta bosgarren tokian sailkatu zen. Finalean Ana Torrijosek ez zuen sorpresarako tarterik utzi (7.51), baina bigarren eta hirugarren tokirako emozio itzela egon zen. Bai Maria de Frutosek eta bai Alicia Varasek 7.70eko denbora egin zuten eta epaileek ezin izan zuten ebatzi nor heldu zen lehenengo. Milarenetan ere berdinduta geratu ziren. Ondorioz, zilarra eman zieten biei: "Varasen gaitasunak ikusita, finalean denbora hobea egin zezakeen, baina urduritasunagatik eta irteera ez oso on bategatik bere ahalmenetik behera ibili da. Hala ere, pozez gainezka dago eta  taldekideok eta halaxe gaude", adierazi du Varasen entrenatzaile Aitor Casalek.


1.500 metrotan Bidezabalgo Iraia Garciak parte hartu zuen, baina ezin izan zuen finalera sailkatu; 4.41.49 izan zen bere denbora. Distantzia horretan Isabel Maciasek jantzi zuen urrea (4.25.12) eta Carolina Roblesek zilarra (4.29.579). Azkenik, Bidezabalgo Ane Miren Martinezek 400 metrotan parte hartu eta finalerdiak arte heldu zen.


Varas dominarik domina


Alicia Varas sasoi betean dago. Orain asteburu bi Promesen Espainiako Txapelketan urrea irabazi zuen 60 metrotan. Txapelketa horretan Ane Miren Martinezek brontzea eskuratu zuen 400 metrotan.

 

Bestalde, asteburu honetan Bidezabalgo hainbat atleta lehiatuko dira Espainiako Bakarkako Kros Txapelketan eta errepideko Espainiako Ibilketa Txapelketan. Krosean Irati Sarriugarte, David Garcia, Iraia Garcia, eta Betit Solar ariko dira. Garcia kros laburreko Euskadiko txapelduna da eta Solar  kros luzeko Euskadiko txapelduna. Aurreneko hogeien artean geratzea dute helburu. Ibilketa proban Eva Maria Iglesiasek eta Javi Ontosok parte hartuko dute. Emakumeetan antzerako maila dute bost-sei atleta onenek eta horien artean dago Iglesias. Beraz, podoiumerako borrokan ibiliko da. Ontosok promesen txapelketan lehen hiruren artean sailkatzeko lehiatuko du.

 

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!