Bidezabalgo David Garcia, Iraia Garcia, Arantza Moreno eta Nora Narbaiza saritu zituzten.
Bidezabal atletismo taldeak 2011an klubak izan dituen atletarik onenak saritzeko ekitaldia egin zuen zapatu iluntzean Durangoko Gran Hotel-en. Bidezabalgo Aitor Casalek gidatutako ekitaldian, babesleak (BBK, New Balance) eta instituzio laguntzaileak (Durangaldeko Amankomunazgoa, eta Durango, Abadiño eta Iurretako Udalak) ere saritu zituzten.
Gizonezko atletarik onenaren saria David Garciak jaso zuen. 2011n Euskadiko txapeldun geratu zen oztopo-lasterketan eta hirugarren Euskadiko Kros Txapelketan. Aurten, besteak beste, Arenas-Bilbao herri martxa irabazi du. Kanpoko klubetan probatu ondoren, orain urte bi Bidezabalera itzuli zen eta erreferentea da bertako gaztetxoentzat.
Emakumezko atletarik onenaren saria Iraia Garciari eman zioten. Orain urte bi Euskadiko Kros Txapelketa irabazi zuen. Iaz krosetik pistarako pausoa eman zuen oso emaitza onekin. Euskadiko oztopo-lasterketan txapeldun geratu zen eta markarik onena hausteko gutxi falta izan zitzaion. Espainiako txapelketan (aire librean) zazpigarren sailkatu zen.
Gazteen mailan Arantza Moreno nabarmendu zuten. Bidezabalgo harribitxietako bat da zalantzarik gabe. Beso bizia, indartsua eta pribilegiatua duela erakutsi izan du. Xabalina jaurtiketan Espainiako txapeldun geratu da eta gazteen mailako Espainiako errekor berria ere ezarri du. Iaz Lilleko Munduko txapelketako finalean sartu zen. Eskuin besoan duen trebetasunaren eta indarraren erakusle da, Ermuko eskubaloi taldean ere goi mailan dabilela.
Kadeteen mailan Nora Narbaizak jaso zuen saria. Oztopo-lasterketan Euskadiko txapelduna izan da: "Adin zailak dira, oraindik gorputza egiten ari zaio, baina etorkizun oparoa ikusten zaio", adierazi zuten Bidezabalgo kideek.