Bidezabal atletismo taldea goi mailan dabil azken asteetan. Dominarik domina, estatu mailako txapelketa garrantzitsu askotan nabarmendu dira durangoko klubeko atletak.
Joan zen asteburuan emakumeen taldeak brontzezko domina irabazi zuen bigarren urtez jarraian Oropesa del Mar (Castelló) herrian jokatutako Kros Laburreko Espainiako Txapelketan. Ana Isabel Gutierrez izan zen klubeko onena 12. postuan; Iraia Garcia 17. sailkatu zen. Talde horretako kidea izan zen Gurutze Frades triatleta ere (64. amaitu zuen). Fradesek ‘maratoi’ propioa izan zuen asteburu hartan. Izan ere, zapatuan, Espainiako Triatloi Federazioak eta Espainiako Komite Olinpikoak Madrilen antolatu zuten sari banaketa jaialdiko protagonistetako bat izan zen; distantzia luzeko triatloien Espainiako txapeldunari dagokion garaikurra jaso zuen. Handik Castellóra abiatu zen zuzenean, goizaldeko ordubietan heldu zelarik.
Orain asteburu bi, Alicia Varas eta Ane Miren Martínez izan ziren podiuma zapaldu zutenak, Malagan, pista estaliko Promesen Espainiako Txapelketan. Varas txapeldun geratu zen 60 metroetan eta Martinezek brontzea eskuratu zuen 400 metroetan.
Asteburu honetan berriro podiumera igotzeko aukera handiak ditu Varasek, pista estaliko Espainiako Txapelketa nagusian. Sailkapen orokorrean zazpigarren dago, baina bere aurretik dauden denek ez dute 60 metroetan parte hartuko. Finalera sailkatzeko ez luke arazorik izan behar eta finalean ere hirugarren tokia lorgarria izan daiteke. Txapelketa berean Iraia Garcia 1.500 metrotan ariko da.
Aipamen berezia merezi du nesken kadete taldeak ere. Oraintsu, Zaragozan, zazpigarren geratu dira, Miren de Regil pertikan eta Irene Perez altura jauzian bikain ibili zirelarik.
EMAKUMEEN BRONTZEZKO DOMINA CASTELLÓN
ALICIA VARAS PROMESEN ESPAINIAKO TXAPELKETAN, MALAGAN
KADETEAK ESPAINIAKO TXAPELKETAN, ZARAGOZAN