Aldapegora eta Zazpi Pago ate joka, hastear da eskualdeko mendi lasterketen festa

Anboto 2024ko mai. 2a, 10:00

Zazpi Pago lasterketan Oiz ingurutik ibiliko dira.

Elorrioko proba maiatzaren 11n da eta Mallabikoa 18an. Baterako zein besterako izen-emateak irekita daude oraindik.

Aurten Durangaldeko mendi lasterketen eskaintza hain da zabala, eskualdeko korrikalariek etxe inguruan bete dezaketela urteko egutegia. Izan ere, aurten lasterketa berri bi gehitu zaizkio dagoeneko oparoa zen eskaintzari. 

Maiatzaren 11n hasiko da eskualdeko egutegia, Elorrioko Aldapegora lasterketarekin. Aurtengoa bigarren aldia da, iazko estreinaldiaren ostean. 26 kilometroko proba ez ezik, 15ekoa ere badago aukeran. Besteak beste, Udalaitz ingurutik ibiliko dira. Izen-ematea maiatzaren 8ra arte dago zabalik www.aldapegora.com webgunean. Dortsal gutxi geratzen dira. 

Maiatzaren 18an Zazpi Pago lasterketa antolatuko dute Mallabian, aurten lehenengoz. Kasu honetan ere lasterketa luzea eta laburra daude aukeran. Herriko bidezidorretatik eta Oizetik ibiliko dira, besteak beste. Izen-ematea maiatzaren 12an amaituko da www.kronoak.com atarian. 

Ekainaren 22an eta ekainaren 23an Berrizko Amaraune eta Durangoko Tabira auzoko jaietako mendi lasterketen txanda izango da, hurrenez hurren. Amaraune lasterketarako izen-ematea irekita dago. Hurrengo hitzordua Garain izango da, uztailaren 20an, Asto Trail lasterketarekin. Informazioa hemen topatu daiteke, eta izen-emateak, berriz, hemen egin daitezke. 

Irailean Atxondoko Sorginen lasterketa, Mañariko 'Mañaritik Atxetara' lasterketa berri eta gogorra eta Zaldibarko Zaldua Trail helduko dira. Azkenik, zirkuitua amaitzeko, Zornotzan Aramotz mendi lasterketa antolatuko dute. 

Egutegi hau mendiari lotutako beste hitzordu birekin osatzen da: otsailean Garain egin zen erreleboen duatloia eta urrian izango den Anboto Kilometro Bertikala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!