Durangaldeak mendi lasterketak antolatzeko aukera handia eskaintzen du tontorrez eta mendi-bide ikusgarriz ingurutatuta dagoelako. Eskualdeko proben abanikoa zabala da, Anboto ingurutik doan Sorginen Lasterketatik hasi eta Aramotz mendilerroa zeharkatzen duen izen bereko lasterketaraino. Bada, zapatu honetatik aurrera proba berri bat gehituko zaio zerrenda zabal hori: Erdella Mendizale Taldeak Elorrio inguruan antolatuko duen Aldapegora mendi lasterketa.
Herriko gazte batzuek Erdellari egindako proposamen batean du sorburua lasterketa berriak. Mendi taldekoak antolatzeko prest agertu ziren, beti ere gazteak eurak antolakuntzan inplikatzen baziren. Harrezkero batzuk eta besteak burubelarri lanean aritu dira zapatu honetara begira.
Ibilbidea
Lasterketa 09:30ean hasiko da, Elorrioko plazan. 26 kilometroko ibilbidean —1.700 metroko desnibel positiboa— Elorrio inguruko tontor esanguratsuenak igaroko dituzte. Memaia (675 metro) izango da igaroko duten lehen mendia, bosgarren kilometroan. Hiru kilometro geroago Besaideko monumento ondotik igaro eta Udalaitzerako bidea hartuko dute, mendi hura gainditu eta Kanpazarrera jaisteko. Intxorta izango da hurrengo tontorra (743 metro); handik Aldapera bajatu, San Juan ermitaren ondotik eta Zenita auzotik igaro eta plazan helmugaratuko dira korrikalariak. Bidean lau hornidura puntu egongo dira: Besaide, Kanpazar, Intxorta eta Aldapen. 300 korrikalari inguruk parte hartuko dute.
Aldapegora Bizkaiko Mendi Federazioko trail ligaren barruan dago. Liga 25 lasterketek osatzen dute eta Elorriokoa eguteko hamahirugarrena da. Egutegi honen barruan daude Anboto Kilometro Bertikala —urriak 7— eta Aramotz Mendi Lasterketa —urriak 8— ere.
Igandean, mendi martxak
Zapatua ez ezik, domeka ere mendizaleei bideratuta egongo da Elorrion. Kasu honetan mendi martxa bi antolatuko dituzte: 32 kilometroko martxa luzea eta 15 kilometroko laburragoa. Parte hartzea doako da bietan eta izen-ematea aldapegora.com webgunean egin daiteke gaur arratsaldeko 17:00 arte.
Martxa luzea domekan, 07:30ean, hasiko da plazan. Ibilbidean Memaia, Udalaitz, Kañueta, Intxorta, Erdella eta Berriozabaletatik joango da eta 1.825 metroko desnibel positiboa gaindituko dute. Martxa laburra 09:00etan abiatuko da. 600 metroko desnibel duen ibilbidean Erdella mendia izango da zailtasun nagusia.
Beraz, asteburuan mendia protagonista izango da Elorrion eta hitzordu horien harira herrian jai-giro sortzea espero dute Erdellakoek. "Giro paregabea sortuko da eta familiakoekin asteburu ederra pasatzeko aukera ezinhobea izango da", adierazi du mendizale taldeko kidea den Edu de la Cruzek.
Izen-emateak LOTURA HONETAN.
Mendi lasterketako ibilbidea laranja kolorez. (www.aldapegora.com)