Badator Garaiko erreleboen duatloia, Euskal Herrian bakarra den proba

Anboto 2024ko ots. 5a, 16:00

2019an eg9indako lehen aldiko argazkia.

Otsailaren 18ko lasterketan Euskadiko txapelak banatuko dira. Open bat ere antolatuko dute, federatu bakoentzat. Izen-ematea hilaren 12ra arte dago irekita.

Duatloiak ohiko lasterketak dira Euskal Herrian, baina badago modalitate bat Garain bakarrik ikusi daitekeena: erreleboetako duatloia. 2019an hasitako bideari iaz eman zioten jarraipena eta otsailaren 18an hirugarren aldia antolatuko dute.

Erreleboen duatloia taldekako proba bat da, eta taldeko kide bakoitzak hiru atalak egin behar ditu, hau da, korrika, bizikleta eta korrika. Lehen atalean Garaiko plazatik hilerrira arteko joan-etorria egongo dute korrika. Parte hartzaileek bi itzuli eman beharko dizkiote kilometro bateko zirkuituari. Ondoren, bizikleta hartuko dute. Goiurirantza abiatuko dira eta hara iritsi orduko, Iurretako lurretan, buelta eman eta berriz Garaiko plazara itzuliko dira (guztira  zortzi kilometro). Bukatzeko korrikako ibilbideari buelta bat eman beharko dio parte hartzaile bakoitzak. Errelebo gunean taldekidea zain izango du ibilbide berdina egiteko.

Taldeak zelan osatu

Hiru emakumek osatutako taldeek, hiru gizonek osatutakoek edo talde mistoek —bi emakumezko eta bi gizonezko— parte hartu dezakete, baina beti talde bereko kide federatuak izan beharko dira. Parte hartzea errazteko Open modalitatea ere izango dute; hau da, talde ezberdinetako kideek edo federatu gabeko kirolariek osatu ditzakete taldeak. Azken hauek, open mailakoak, ez dira Euskadiko txapelketarako kontuan hartuko. Hala ere, open mailako irabazle geratzen diren taldeek garaikurra izango dute.

Mistoen proba 10:00etan hasiko da. Gizonena eta emakumeena minutu bat eta bi geroago hasiko dira, hurrenez hurren.

Izen-ematea

Izen ematea triatloi.org webgunean egin daiteke otsailaren 12ra arte. Egunean bertan ezin izango da izenik eman. 

Zornotzan, erlojupeko duatloia

Garaiko duatloiaren bezperan, otsailaren17an, beste hitzordu bat dago Zornotzan, taldekako erlojupeko duatloia antolatuko delako. Asteburu osoko jardunaldia osatzen dute proba biek. Udalerri bakarrean antolatu beharrean, udalerri eta talde biren artean —Amorebieta-Etxanoko Triatloi taldea eta Garaiko Triatloi taldea— banatzen dituzte antolakuntza lanak. Espainiako txapelketan baino ez da antolatzen modu horretara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!