Garaiko Asto Trail proba bueltan da. 2016ko eta 2018ko aldien ondoren, zapatuan egingo dute hirugarrena. Lasterketa ez ezik, mendi martxa ere egongo da. Antolatzaileek ekimen biak egun berean batzea erabaki dute, giro handiagoa sortzeko. Eta deialdiak erantzun ona izan du. 230 parte hartzailetik gora batuko dira: 80 bat lasterketan eta 150 bat martxan. Gaur amaitzen da internet bidez izena emateko epea eta antolatzaileek aukera hau gomendatu dute. Hala ere, izen-ematea egunean bertan ere egin daiteke, asko jota 300era heldu arte.
Mendi lasterketa
Mendi lasterketa 09:00etan hasiko da, plazatik. 26 kilometroko ibilbidean —1.400 metroko desnibel positiboa— aldaketak daude. Aurtengo lasterketa "erosoagoa" da korrika egiteko, Garaiko Triatloi Taldeko kideen esanetan. Nobedade nagusia da Oizko gailurreria osorik egingo dutela, Iturrizuritik eta San Kristobaletik Astoganaraino. Hainbat lagun bidea garbitzen aritu dira egunetan hori ahalbidetzeko. Horrez gainera, Sarria ingurutik doan Arria errekan kanal bat dago, orain arte sasiz josia egon dena; bada, antolatzaileek ingurua garbitu egin dute eta korrikalariak handik igaroko dira.
Parte hartzaileak
Bost emakumek baino ez dute eman izena lasterketarako, baina maila handikoak dira denak. Joan zen asteburuan munduko trail running txapelketan aritu den María Ordóñez da euretariko bat. Nerea Amilibia eta Andikona Albizuri berriztarra ere nabarmendu daitezke. Gizonetan, Walter Becerra da faboritoetariko bat.
Mendi martxa
Mendi martxa 09:05ean hasiko da. 16 kilometrokoa da. Lehenengo sei kilometroak eta azkeneko laurak korrikalariek egingo dituzten berak dira. Baina ez dira Oiz goraino igoko. Sarrimendi igotzerakoan ezkerretara hartu eta Urdaiarantz joango dira.
Bariku arratsaldean dortsalak erretiratu ahalko dira. Trumoitte elkarteak kantu-poteoa antolatu du arratsalde horretan. Horrela aurreko egunean ere jai giroa sortuko dute herrian.
Ekimenaren balorazioa positiboa bada, Asto Trail urteroko hitzordu bihurtzea da antolatzaileen asmoa.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!