Mallabiko bidezidorretan zehar, Zazpi Pago mendi lasterketa berriak herriko paisaia naturalak bistaratuko ditu, maiatzaren 18an

Joseba Derteano 2024ko urt. 23a, 08:40
Zengotitaganetik igaroko da lasterketa.

Mallabiak mendi lasterketa izango du aurten: Zazpi Pago mendi lasterketa. Izen bereko elkarteak antolatuko du, lehenengoz, maiatzaren 18rako. Ibilbide bi egongo dira aukeran: 25 kilometroko eta 16 kilometroko bana, 1.400 eta 750 metroko desnibel positibokoak, hurrenez hurren. Izen ematea dagoeneko martxan da, Kronoak plataforman.

Ibilbidea antolatzerakoan, ahalik eta pistarik gutxien sartzen ahalegindu dira. "Horretxek egiten du diferente Zazpi Pago mendi lasterketa. Ahal izan dugun denetan pistak saihesten eta bidezidorrak bilatzen eta garbitzen ahalegindu gara, gero jendeak bertatik ibiltzeko aukera izan dezan. Esaterako, Arietzu tontorretik beherantz, Mallabira heldu arteko azken hiru kilometroak erreka kontrako bidexka batetik dira. Oso inguru polita da eta ez da askorik ezagutzen", adierazi du Zazpi Pago elkarteko Xabat Uzuriagak. Horrela, herriko paisaia naturalak ezagutaraztea ere bada lasterketaren helburua. Lasterketaren beste helburu bi herrian jai giroa sortzea —egun osoko egitaraua prestatzen dabiltza— eta herriko ekoizleen produktuak ezagutaraztea dira. Sariei dagokienez, herriko produktuekin baturiko otzarak banatuko dituzte, eta hornidura puntuetako elikagaiak ere herriko denda txikietan erositakoak izango dira.

Ibilbideak
Proba biak Mallabiko plazan hasiko dira eta bide bera egingo dute Areitio eta Zengotita ingururaino. Orduan, luzea Trabakurantz jaitsiko da, udalak Gerean dauden ur-jauzietara joateko berriztu duen bidetik. Handik, boluntarioek beren-beregi lasterketarako zabaldu duten bidezidorretik Zazpi Pago lez ezagutzen den ingurura helduko dira korrikalariak, eta Oizerantz hartuko dute. Bestalde, lasterketa laburra Arietzuko gailurreriatik igaroko da, besteak beste. Orokorrean, mendiko pistetan erritmo bizian ibiltzera ohituta dauden korrikalarientzat baino gehiago, bide estuago eta aldapatsuagoetan trebeak direnentzat da aproposagoa ibilbidea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!