'Mañaritik Atxetara' mendi lasterketa berriak Untzillatx igoko du eta Euskal Herriko probarik gogorrena izango da

Joseba Derteano 2024ko urt. 29a, 09:17

Untzillatz mendia igoko du lasterketak. (Argazkia: Mañaritik Atxetara)

3.800 metroko desnibel positiboarekin, Leungane, Artatzagane, Aitz Txiki, Urkiolamendi eta Untzillatx tontorretatik igaroko da, besteak beste, irailaren 21eko proba.

Mañariak eta Untzillatxek mendi lasterketa propioa izango dute irailaren 21etik aurrera. Orduan lehiatuko dute Mañaritik Atxetara lasterketa berria, hainbat lagunen ekimenari esker.

Lasterketa bi egongo dira: 42 eta 22 kilometroko bana. Luzea, 08:00etan hasiko da eta laburragoa, 09:00etan. Biak Mañarian hasi eta amaituko dira. Luzean, Leungane eta Artatzagane tontorretik ibiliko dira lehenengo, Mañarira itzuli aurretik. Ondoren, Urkiolarantz joko dute eta Gatzaieta baserritik Atxartera jaitsiko dira. Segidan, Aitz Txiki igo eta bajatuko dute: igo, hego-mendebaldeko bide berri batetik eta jaitsi, ohiko bidetik. Hurrengo tontorra Urkiolamendi da; Larrano, Arrazola, Zabalaundi eta Pol-Pol igarota helduko dira bertara. Eta hori gutxi balitz, errematea falta da: azken txanpan Untzillatx igo eta jaitsiko dute korrikalariek.

Lasterketa laburragoan, ez dute Leungane eta Artatzaganeko itzulia egingo eta ez dute Anboto inguratuko: Larranotik zuzenean joango dira Pol-Polera.

Lasterketa gogorrak

Ibilbideari erreparatuta begibistakoa da lasterketa gogorrak direla. Luzeak 3.800 metroko desnibel positiboa du eta laburrak 2.000koa. Luzea, kilometro kopuruaren eta desnibelaren arteko portzentaian, "Euskal Herriko lasterketarik gogorrena eta estatu mailako gogorrenetakoa" dela dio ekimeneko antolatzaileetako bat den Mikel Larrañagak. Erakusle lez, adibide hau: Zegama-Aizkorriko maratoiak (42 km) 2.700 metroko desnibel positiboa du, hau da, 1.100 metro gutxiago.

Tontor askotatik igarotzen den arren, lasterketa seguruak direla dio Larrañagak: "Ez du tarte arriskutsurik".

Izen-ematea otsailean zehar irekiko dute eta euren instagram kontuan ['Mañaritik Atxetara'] iragarriko dute. Lasterketaren gaineko informazioa jasotzen duen webgune bat sortzeko asmoa ere badute.

Mendi martxa

Irailaren 21ean mendi martxa bat ere antolatuko dute, ekimena ahalik jende gehienengana zabaltzeko. 09:30ean hasiko da. 11 kilometro ditu, 900 metroko desnibel positiboagaz. Artatzagane eta Leunganeko itzulia egingo dute. "Umeekin eta familia giroan egiteko martxa aproposa da. Gogortxoa da, baina ez du aparteko zailtasunik, pista zabalak eta erosoak daude", dio Larrañagak. Horrez gainera, egun osoko jai bat izatea gura dute, musikarekin eta bestelako ekintzekin.

Antolatzaileak

Mendizaleak diren sei bat durangarren ekimenari esker sortu dute Mañaritik Atxetara lasterketa. Urte dezente daramatzate mendi lasterketetan parte hartzen eta elkarrekin entrenatzen. Mikel Larrañaga da euretako bat. "Euskal Herriko lasterketa dezente egiten ditugu eta Picos de Europa eta Pirinio inguruetan ere ibiltzen gara. Eta han gabiltzanetan beti komentatzen genuen hemen badaudela paisaia eta mendi ederrak lasterketa luze bat antolatzeko. Horrela hasi ginen". Mañariko Kagrafa elkartearen bidez bideratu dute asmoa eta udalaren laguntzagaz.

Lasterketa luzeko (42 km) ibilbidea: (Iturria Instagram, 'Mañaritik Atxetara'.)

 

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Mañari Atxetara (@manaritikatxetara)

 

Lasterketa laburreko (22 km) ibilbidea:

 

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Mañari Atxetara (@manaritikatxetara)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!