Urteko albisterik irakurrienen zerrenda

Anboto 2022ko abe. 30a, 12:00

Milaka albiste idatzi ditugu 2022an anboto.org webgunean. Horien guztien artean ikusienak izan direnekin urteko hamar albiste ikusienen zerrenda osatu dugu. 

Anboto.org webgunean 2022eko albisterik irakurriena Iro Landaluze abadiñarrak Mendiolako bere hariztian ezarri duen kamera bereziagaz grabaturiko irudiena izan da. Lau egunez eta lau gauez onddoak zelan hazten diren filmatu du. Udazken siku eta zoro-antzekoa izan arren, perretxikoek ez diote hutsik egin Landaluzeri.
 

 

Iker Fernandezek urteak daramatza Kalebarrian bizitzen, "eguenetik domekara, asteburu guztietan" taberna bateko musikaren ondorioz lorik egin ezinik ibili dela eta, gose greba hasi zuen udaletxearen aurrean, udalari konponbide bat eskatzeko.  Zinegotziegaz izandako "bilera emankor" baten ostean, amaitutzat eman zuen gose greba Fernandezek. 
 

 
Ekainean, 25 urteko gazte baten bila egon ziren larrialdi zerbitzuak hainbat orduz. Alluitzen, Infernuko Zubiaren inguruan topatu zuten Erresuma Batuko gaztearen gorpua.
 

 
Eguraldi zoroa egin du aurten. Eurite etengabeak hainbat uholde eta traba eragin ditu egunerokoan. Trabakuan lur jausi bat eragin zuen, eta errepidea itxita egon zen.
 

 
Ekainean irten zen espetxetik Aitzol Maurtua atxondarra Basauriko (Bizkaia) espetxetik. Hogei urte egin ditu preso.
 

 

Hainbat hilabeteetan probaldian egon ostean, ekainean jarri zuten martxan Trabakua gaineko tarteko radarra. 

Trabakua gainean dagoena tarteko radar bat da; hau da, tarteko radarrak puntu bitan hartzen du ibilgailuaren abiadura, eta batez bestekoa ateratzen du. Gehienezko batez bestekoa 60 kilometro ordukoa da. Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan martxan dagoen tarteko radar bakarra da, Jaurlaritzako iturrien arabera. 2010ean, mota honetako lehenengo radarra ipini zuten N-1ean, Ordizia eta Irura artean, eta urtebetean egon zen indarrean.

Urtarrilean Arantza eta Pantxo taldeko Pantxo Cruz musikaria hil zen, 69 urte zituela. Argentinan sorturikoa izan arren, eskualdean bizi izan da urte askoan Pantxo Cruz (Argentina, 1952). 1997az geroztik gainera, Arantza Salterainegaz batera herriz herri eta plazaz plaza aritu da kantuan. Arantza eta Pantxok beraien musika ibilbide luzean disko bi kaleratu dituzte, azkena 2017an, Todo Cambia izenekoa.

Durangoko Merkatu Plazak postu berri bat du: 'Etartie'. Soloko nekazarien elkartean dauden Durangaldeko 12 ekoizlek elkarlanean zabaldu dute postua, beraien produktuak kontsumitzaileengana gehiago hurbiltzeko. 
 

 

Bi urteren ostean, gogotsu hartu zuten durangarrek jaietako mozorro eguna.

 

Abenduan Jose Antonio Azkorbebeitia Gerediaga elkarteko ohorezko bazkidea hil zen 73 urtegaz. Azkorbebeitia 60-70eko hamarkadan euskarazko alfabetatze eskoletan irakasle aritu zen. Sasoi hartan, euskal aldizkarietan, herrietako berri emailea izan zen. Gerediagako bazkidea ia sorreratik izan da baita batzordeko kidea ere. Mendiolako eskolaren historia eta Abadiño ezagutzen liburuen idazleetariko bat izan zen. 2014tik Abadiñoko Gure Esku dinamikan parte hartu zuen, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!