Jose Antonio Azkorbebeitia Gerediaga elkarteko kidea hil da

Anboto 2022ko abe. 16a, 13:51

Argazkia: Gerediaga elkartea.

Gerediaga elkarteko ohorezko bazkidea gaur hil da, 73 urtegaz.

Jose Antonio Azkorbebeitia 60-70eko hamarkadan euskarazko alfabetatze eskoletan irakasle aritu zen. Sasoi hartan, euskal aldizkarietan, herrietako berri emailea izan zen. Gerediagako bazkidea ia sorreratik izan da baita batzordeko kidea ere. Mendiolako eskolaren historia eta Abadiño ezagutzen liburuen idazleetariko bat izan zen. 2014tik Abadiñoko Gure Esku dinamikan parte hartu zuen.

2018an Gerediaga elkarteak Azkorbebeitia omendu zuen Axpen. 52. Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketaren barruan oroigarri bat jaso zuen urte askoan txapelketa horren antolakuntzan egindako lanagatik. Gerediaga Elkarteko Asun Elorriagak eman zion oroigarria. Artzain txakur txapelketetan beti lagundu izan du, esatari ere ibilitakoa izan da EITBren emanaldietan. Euskal Artzain Txakurren elkarteko zuzendari ohia izan zen.

Azkorbebeitiak Gerediagari  eman dion guztia eskertu gura izan du elkarteak: "Bere bizitzaren zatirik handienean hor egon da beti laguntzen, garairik gatxenean ere beste batzuekin batera eutsi zion elkarteari".

Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kideak ere berba hunkigarriak idatzi ditu 'Azkorbe' gogoratuz: "Urte asko izan dira zurekin Durangerriaren alde lanean. Oraindik oroitzen dut lau katuk bakarrik ikusten genuenean, gure eskualdearen alde merezi zuela jarraitzea, nola etorri zinen bosgarrena izatera. Urte askotan emandakoa ezin da plazaratu lau lerrotan. Euskarak, euskal artzain txakurrak, dantzari-dantzak, Durangerria… jaso dute zure ikutuen ezaugarriak… eta horregatik 'Azkorbe' hau ez da agur kanta, gero arte dio doinuak…", idatzi du Irazabalek.

ANBOTOko elkarrizketa

2017an ANBOTOk Jose Antonio Azkorbebeitia elkarrizketatu zuen Marisa Barrena eta Juan Mari Lersundigaz batera. Durangaldeko zenbait mugimendutako sortzaile eta militante historikoekin solasaldia egitea zen asmoa. Elkarrizketa hartan abadiñarrak ondorengoa azaldu zuen: "Ez dut ezagutu militantzia bako bizimodurik. Gerediagak antolatzen duen Euskal Herriko artzain-txakur txapelketa pasatu berri da, 51. edizioa. Bada, lehenengoan ere hantxe izan nintzen laguntzen".

Dantzari abila

Astarloa anaia euskaltzaleei omenaldi lez, banango zaharra eskaintzea erabaki zuen Gerediagak 2001ean, eta Azkorbebeitia eta Antton Mari Aldekoa-Otalora izan ziren plazara irteteko hautatuak. Izan ere, 'Azkorbe' dantzaria eta dantzazalea izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!