Durangoko bizilagun batek gose greba hasi du taberna baten zaratak atsedena galarazten diola salatzeko

Joseba Derteano 2022ko aza. 21a, 11:16

Iker Fernandez Cristobalek (Zornotza, 1978) urteak daramatza Kalebarrian bizitzen. "Asteburu guztietan, eguenetik domekara, taberna honetako musika nire etxeraino ailegatzen da. Ezin dut lorik egin. Nekatuta nago", dio. Gaur gose greba hasi zuen udaletxearen aurrean, udalari konponbide bat eskatzeko.

Durangoko bizilagun batek gose greba hasi du gau-giroko taberna bateko zaratak atseden hartzea galarazten diola salatzeko. Bizilaguna Iker Fernandez Cristobal da. Zornotzarra da sortzez, baina "urteak" daramatza Durangoko Alde Zaharrean bizitzen. Kalebarrian bizi da, pub baten gainealdeko hirugarren solairuan. Egoerarekin "nekatuta" dagoela dio, eta auzian esku hartzeko eskaria egin dio Udalari. "2018an hasi nintzen udaletxeari kexak aurkezten, baina ordutik hona ez dute ezer egin. Aurten jakin dut pub horrek ez duela irekitze-lizentziarik 2007. urtetik. Arartekora jo nuen, eta euren txostena duela aste gutxi irten da. Arartekoak udaletxeari eskatzen dio kontu honetan urgentziaz esku hartzeko", azaldu du Fernandezek. "Gainerako bizilagunek ere igartzen dituzte zaratak. Aurreko fatxadako bizilagunak ere antzera daude. Beste pub bat dute etxepean, zaratak jasaten dituzte, nekatuta daude. Baina gehienak nagusiak dira eta ez dute arazorik gura", gaineratu du bizilagunak.

Bizilagun durangarraren berbetan, arazoa ez da atzo goizekoa. "Arazoa aspaldikoa da. Oso nekatuta nago, desesperatuta. Horregatik hartu dut erabaki drastiko bat. Gose greban hasi naiz, horrek presioa eragin dezakeelakoan. Zapatu gauean ekin nion gose grebari, baina goiz honetan etorri naiz udaletxera. Nire helburua egoera hau amaitzea da", azaldu du.  "Erabakia irmoa da. Arazoa konpondu arte hemen egongo naiz. Nire etxean ez dut ezelako puben zaratarik gura", bukatu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!