"Bigarren B Maila profesionalen liga bat da eta 21 urtegaz hor aritzea ametsa errealitate bihurtzea da"

Joseba Derteano 2020ko uzt. 13a, 16:00

Iker Unzueta —eskumako aldean— Asier Goiria kirol zuzendariarekin Amorebieta futbol klubeko kamisetari eusten.

Amorebieta futbol kluba hurrengo denboraldira begirako taldea egituratzen ari da apurka. Asteon iragarpen bi egin ditu ildo horretatik eta biek eskualdeko jokalariekin dute zerikusia. Batetik, Ekaitz Molinak taldean jarraituko du eta bigarren denboraldia beteko du Amorebietan. Bestetik, Iker Unzueta aurrelariaren fitxaketaren berri eman dute. Biak abadiñarrak dira. Azken hori Durangoko Kulturaletik joan da eta Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailarako saltoa eman du.

Ezustean hartu zaitu Amorebietaren interesak ala aspalditik zenekien?
Nahiko ezustekoa izan da. Egia da ondo nenbilela eta oso gustura sentitu naizela zelaian, baina ez ditut gol asko sartu. Uste nuen nire zenbakiak ez zirela holako talde baten interesa erakartzeko modukoak. Bigarren B Mailako talde batek nigan konfiantza hori jartzeak apur bat harritu egin nau. Oso pozik nago eta dudan dena emango dut konfiantza hori itzultzeko. 

Zer animorekin aurkitzen zara erronka berriaren aurrean?
Itzelezko ilusioa egiten dit aurretik datorrenak. Azkenean Bigarren B Maila futboleko profesionalen liga bat da eta 21 urterekin [22 egingo ditu abuztuan] hor ibiltzea ametsa errealitate bihurtzea da. 

Ez da erraza izango toki bat egitea.
Hori argi dago. Beharbada aurrealdeko jokalari denek ez dute jarraituko baina etortzen ari diren berriak maila handikoak dira. Esaterako, joan zen astean iragarri zuten Koldo Obieta fitxatu zutela Tudelano taldetik. Aurretik Amorebietan ibilia da. Oso jokalari ona da eta esperientzia du hainbat taldetan aritu delako. Ni nire onena ematen saiatuko naiz horien denen artean nire tokitxoa egiteko.

Aurretik Bigarren B Mailan aritutakoa zara Durangoko Kulturalarekin. Zer oroitzapen duzu?
Beste mundu bat da. Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara salto handia dago. Nik Kulturalarekin 17 bat partidu jokatu nituen maila horretan, euretako bederatzi titular moduan. Beharbada ez da joko dotoreegia ikusten den liga bat, baina taldeek ondo dakite zelan jokatu eta zer egin une bakoitzean. Esaterako, gogoan dut Izarrak taldearen kontrako partidu bat. Oso partidu ona jokatu eta aukera asko izan genituen; eurak, berriz, behin heldu eta berean gola sartu zuten. Akatsak garesti ordaintzen dira.

Amorebieta taldean nor ezagutzen duzu?
Ekaitz Molina eta biok taldekideak izan ginen  urte bian Durangoko Kulturalean. Gogoan dut orduan Ekaitzek asko lagundu zidala taldera egiten eta holako norbait ezagutzea lagungarria da beti. Julen Azkue jokalaria nire bigarren lehengusua da. Joseba Orbegozo elorriarrarekin eta badut hartuemana. Nire adin beretsukoa da eta aspalditik ezagutzen dut. 

Futbolariok hile dezente daramazue partidu ofizialik jokatu barik. Zelan eusten diozu sasoiari?
Nik baserrian eman du konfinamendu osoa eta han inguruan tokia izan dut korrika egiteko, besteak beste. Ariketa asko egiteko aukera izan dut. Badakit jende askok ez duela izan nik izan dudan zortea horrela entrenatzeko. Orain medikuntza eta kirol hobekuntzarako zentro batean ere banabil. Abuztuaren 20aren inguruan hasiko dugu aurredenboraldia eta uste dut sasoi puntu onean helduko naizela.

Zer oroitzapen utzi dizu Kulturalean emandako denborak?
Oso esker oneko nago eman zidaten aukeragatik. Hiru urte eman ditut han. Filialeko fitxagaz hasi nintzen, baina hasieratik lehen taldearekin entrenatzen nuen. Asko ikasi dut han emandako denboran eta onena opa diet.

Ekaitz Molinak—eskuman— ere Amorebieta klubean jarraituko du. Irudian Asier Goiria kirol zuzendariarekin. (@SDAmorebieta)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!