La Manada kasuaren inguruan gertatzen ari dena amorragarria, nazkagarria eta beldurgarria da. Horretan bat gatoz gehienok. Eta horrela izanda, nekez onar daiteke bortxatzaileek jasotako sententzia. Hori ulertu ezinean genbiltzanean, predatzaile sexualak fidantzapean irten dira espetxetik. Legea aldatu beharra al dago? Seguru baietz. Baina legea ez da eraginkorra izango epaileren batek orgiatzat jotzen badu gainerakoentzat bortxaketa ukaezina dena. Legea ez da eraginkorra izango La Manadako kideak, eta haien defendatzaileak, ez badira jabetzen haien portaeraren munstrokeriaz. Justizia ez bada izan bidezkoa, gizarteak berak hartu beharko du justizia lortzeko ardura. Eta nire iritzian, giza arbuioa da bide bakarra. Gure artean dauden erasotzaile sexualek gure mespretxua sentitu behar dute: gure eten gabeko mespretxua.