"Justizia hau bada, ez da gurea, eta hauxe da gerra"

Ainhoa Zabarte 2018ko eka. 29a, 11:45

Ainhoa Zabarte kazetaria, sanferminetako talde bortxaketaren egileak aske uzteko erabakiaren inguruko iritzian.

Erosketak egiten, tabernan edo etxera bidean. Astebete barru hasiko diren sanferminetan. Kalean, aske. Edozein tokitan aurki ditzakegu ‘La Manadako’ bost bortxatzaileak. Kalean, aske.

6.000€ eta 500km aitzakia hartuta saldu gaituzte oraingoan. Bederatzi urte zituzten ziegan betetzeko eta kalean ditugu dagoeneko. Erabakia jakin bitartean, kalean, aske.

Sumindura, nazka, amorrua. Haserrea eragin digu bost bortxatzaileak kalean ikusteak. Oihartzun handiko kasua da hau, baina ez da lehenengoa eta, zoritxarrez, azkena ere ez. Gizonek gizonentzako eraikitako sistema honetan eman digute abisua, argi jaso dugu mezua.  

Legea hau bada, justizia hau bada, ez da gurea, eta hauxe da gerra. Legeak aldatu behar badira, argi dago, kasu honetan bezala, konstantziaz kalean egon behar dugula. Oraingoan bezala, ukabilak estutuz eta eztarria urratuz egingo dugu aurre. Geuk askatu behar dugu gure burua, inork ez gaitu-eta askatuko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!