Mugikorra borborrean, “5 bortxatzaileak kalean”, mezuak etengabe. Haserrea. Epaileek argi erantzun digute emakumeoi, aurten masiboki piztu den olatuari: patriarkatuak markatzen ditu denborak eta posizioak, “zuek etzun hor ta kabidu lekuen”. Nazka.
Justizia patriarkalaren babespean, guardia zibila eta militarra. Atari zein komisarietan, emakumeon gorputz biluziak versus gorputz polizialak. Poetak erail eta emakumeak bortxatzen dituzten trikorniodun mamuen inpunitatea berriz. Gorrotoa.
Kazerolada dagoela dio mezu batek. trasteak hartu eta kalera. Patatan bost panpin zintzilikaturik, Justizia poetikoa, hori bakarrik dugu eta. Zaratatsu, emakumeekin batu naiz. Zuokin indarberritzen naiz. Kaleak eta gauak geureak direlako, etengabe beteko ditugu. Ez gara haiek emandako lekuan “kabitzen”, ez dugu onartzen. Segi dezagun elkarrekin erantzuten. Handiak zarete