“Errealitate sozialaren eta justiziaren artean dagoen distantziaren konfirmazio bat da autoa”

Markel Onaindia 2018ko eka. 29a, 09:30

Besteak beste, salaketa faltsuen mitoari buruzko berbaldiak eman izan ditu Reyes Goikoetxea Langarika abokatuak (Durango, 1976). Joan zen asteko autoa eta auzia bera aztertu ditu solasaldian.

 

Zer iruditu zaizu auzipetuak behin-behinean libre uzteko autoa?
Sorpresaz hartu dut, baina epaitegietan genero ikuspegiaren izpirik ere ez egotearen konfirmazio bat da. Errealitate sozialaren eta justiziaren artean dagoen distantzia egiaztatzen du. Ez dakit epaileek zer formakuntza duten, baina abokatuok duguna tramite hutsa da. Urtean ordu eta erdikoa izaten da. Abokatuen kolektiboan kontzientziazio falta dago, baita genero biolentziaren inguruko zerrenda berezietan dauden abokatu askoren artean ere. Duela gutxi indarkeriari buruzko epaitegi bateko titularra zen epaile emakume bat ezagutu nuen. Biktimei eta erasotzaileei ematen zien tratu desorekatuagatik eta sententzia beldurgarriak emateagatik zen ezaguna. Gero jakin nuen genero indarkeriari lotutako hezitzailea zela! Ikastaro bategaz ez da nahikoa, kontzientziazioa beharrezkoa da. Legeak interpretatzeko tarte bat ematen dio epaileari, eta interpretazio hori eskema mentalaren araberakoa da.

Hala ere, legezko gertaera da auzipetuak libre uztea.
Legeak dio behin-behineko kartzelaldian urte bi pasa badituzte, kalera irten ahal direla. Baina ez dut autoagaz bat egiten, behin-behineko espetxealdia zigorraren erdira arte luzatzea ere legezkoa litzatekeelako. Eta horrelako kasuetan luzatzea izaten da ohikoa. Zigor bat egotea nahikoa motibo izan beharko litzateke.

Bost gizon horiei ezarritako neurriak nahikoa direla uste duzu?
Orain diote ez dagoela iheserako arriskurik, ezta delitua errepikatzekorik ere. Baina badituzte espedienteak antzerako delituengatik. Egin dutena euren eskema mentalagaz doa, matxismoagaz, ez da gertakari soil bat. Bestalde, pasaportea kendu diete, baina Europan zehar bidaiatu ahal dute, eta baimena eskatuz gero posible da ematea, hegazkineko joan-etorriko txartelak aurkezten badituzte. Eta bueltatzen ez badira, zer? Ez zait nahikoa iruditzen, kartzelan egotea litzateke nahikoa. Gainera, Madrilera joan ezin diren arren [han bizi da biktima], biktimari kalte egiteko hainbat modu eduki ditzakete.

Jende askok justizia eza salatu du sare sozialetan, eta zenbaitek justizian ez dutela sinesten ere bai, Nagore Laffageren amak kasu.
Jendeak iritzia eman behar du, eta oso ondo ikusten dut. Errealitate soziala justizia baino askoz aurrerago doala erakusteko balio behar du.

Beraz, justizian aldaketak behar dira gaur egunera egokitzeko.
Kode penalak gabezia asko ditu, eta aldaketa integral bat beharko litzateke. Baina, lege aldaketa baino, pentsaera aldaketa bat behar dela deritzot, era urgentean. Kaletik bakarrik joan eta atzetik mutil batzuk dituenean neska batek sentitzen duen beldurra ez dute sentitzen gizonek neskak atzetik edukitzean, eta eskema hori, orokorrean, ez da existitzen justizia eremuan. Hori aldatzen ez den bitartean, horrelako erresoluzioek irteten jarraituko dute.

Era horretako erresoluzioek ez al dute biktimaren bertsioa kaltetzen?
Sententzia begiratzen badugu, biktimaren bertsioa ez da zalantzan jartzen. Kalean "Nik sinesten dizut" esaten da, baina epaileek ere sinetsi dute. Erredaktatuta dagoen emakumearen kontakizunak izua eragiten du. Baina, bortxaketa esplikatu arren, abusua dela erabaki dute. Diote ez dagoela delituaren jarraikortasunik, eta mehatxurik ere ez. Bost gizonek atari batean sartu eta zuk gura barik eurek gura dutena egitea ez da mehatxua? Suminduta nago horregatik. Orain, aske uzteko autoan, zigortuak kaltetu lez hartzen dituzte, eta emakumearen sinesgarritasuna zalantzan jarri dezake, maila sozialean batez ere.

Gainera, telebistan euren bertsioari lekua egingo diotela entzun da.
Desagertu beharreko kontzientzia bati lekua egingo zaio, matxismoari. Indarkeriaren apologia egingo dute. Errugabetasuna defendatuko dute, eta horrek biktimaren egoeran eragingo du. Ez errekurtsoei begira, frogak sententzian daudenak izango baitira, baizik eta biktimaren biziraupenari lotuta. Neska txikituta aterako da. Botere publikoek gai hau kontrolatu beharko lukete.  

Salaketa faltsuak ez direla kasik existitzen adierazi izan duzu berbaldietan.
2017an, salaketa faltsuak %0,007 ziren, Estatuko Fiskaltzaren datuen arabera. Gertatzen dena da auzien artxibaketa asko egoten direla, guztien %40 inguru, eta salaketa faltsutzat ulertzen dituztela askok, asmo txarrez. Kontua da epaileak uste duela ez dagoela froga nahikorik aurrera joateko, baina horrek ez du esan gura deliturik ez dagoenik. Izan daiteke emakumea ez dagoelako prestatuta, lekukoek egindako testigantzak direlako, emakumeak erasoa ukatu duelako, emakumea ere salatua izango dela mehatxu egingo delako, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!