Boluntario sare zabal baten babesagaz, inoizko parte hartzailerik gehien Zaldu Trailen

Anboto 2026ko uztailaren 10a

Zaldu Traileko iazko argazki bat.

Zapatu honetan mendi korrikalarien epizentro bihurtuko da Zaldibarko herria. Bertan, Durangaldeko Koparako puntuagarria den Zaldu Trail lasterketaren laugarren edizioa jokatuko da. Lasterketa bi egongo dira, 19 kilometroko luzea, eta 14 kilometroko laburra.

Zaldu Traileko proba luzea 8:30ean abiatuko da herriko plazatik, eta laburra 8:45ean. 

Ibilbideari dagokionez, 19 kilometroko lasterketako korrikalariak Eitzagara joango dira, handik Egoarbitza igo beharko dute, eta gero Aixolako presarantz joango dira. Hurrengo, Santamañezar igo beharko dute. Lasterketa laburrekoak Eitzagatik Aixolako presara joango dira eta handik Santamañazarrera.

Lasterketa biek 330 bat korrikalari batuko dituzte, 160 bat proba bakoitzeko. "Emakumezko parte hartzaileen kopurua asko igo da eta hori oso garrantzitsua da guretzat", azaldu du Nora Narbaiza Zaldu Traileko antolatzaileetariko batek. 

Gainera, Zaldibarko lasterketak maila handiko korrikalariak hartuko ditu. Besteak beste, Gontzal Murgoitio elorriorra eta Espainiako Txapelketa irabazi berri duen Lola Oyarzabal gasteiztarra izango dira irteera lerroan. 

Parte hartzaileen artean, zelan ez, antolakuntza lanetan buru-belarri zentratuta dabilen Nora Narbaiza arineketalari zaldibartarra ere badago. Araiamendi taldeko korrikalaria Durangaldeko Kopa irabazteko faboritoetariko bat da, baita etxeko lasterketako podiumean egoteko ere. Narbaizak berak ez du bere burua faboritotzat ikusten, baina iazkoa hobetzea eta gozatzea du helburu. Gainera, lerro hauetatik eskerrak eman gura izan dizkie antolakuntza lanetan laguntzen arituko diren boluntario eta laguntzaile guztiei. "Asko eskertzen dugu herriaren erantzuna. Boluntario sare itzela daukagu, eta, horri eskerrak, lasterketa hau antolatzen gabiltzan hainbat herriko korrikalarik bertan parte hartzeko aukera daukagu", azpimarratu du Narbaizak. 

Bestalde, antolakuntzako kideek eskerrak eman gura dizkiete herriko Tailla Tailerreko kideei, eurek landu dituzte-eta irabazleei emango dizkieten garaikurrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!