Silvia Trigueros: "Nire azkenengo Tor des Geants proba izan da"

Joseba Derteano 2022ko ira. 15a, 12:27
Silvia Trigueros helmugara heldu den unea. (Argazkiak: Agencia Zzam | Roberto Roux)

Pena handiz, baina ate bat ixtea erabaki du erronka berriak bilatzeko.

Silvia Trigueros Tor des Geants-eko izen handien artean dago. Bera da lasterketa hiru bider jarraian irabazi duen emakume bakarra: 2018an, 2019an eta 2021ean (2020an ez zen lehiatu). Izar handi bat da han eta halaxe tratatzen dute bai antolatzaileek eta baita ibilbidera batzen diren zaleek ere. Horregatik oraindino min handiagoa eman dio honako erabakia hartzeak: aurtengoa da bere azkeneko Tor des Geants-a.

Polita izan da iraun duen bitartean, baina ate bat ixtea erabaki du erronka berriei tokia egiteko. "Ateak ixtea kosta egiten zait. Ehunmilak probarekin ere berdina gertatu zitzaidan. Sei aldiz egin nuen. Baina munduan lasterketa asko daude, batzuk Tor des Geants-en antzekoak dira eta beste esperientzia batzuk probatu nahi ditut. Min handia ematen dit, baina uneren baten 'nahikoa da' esan behar nuen. Aurtengoa azkenengo Tor des Geants-a izan da", adierazi dio korrikalari abadiñarrak ANBOTOri.

Pena handiz hartu duen erabakia da. "Zale batzuk ni helmugan sartzen ikustera joaten dira. Urtean zehar mezuak idazten dizkidate. Lasterketan bertan ere mota guztietako laudorioak entzun ditut. Egoerak gain hartuta nago, hunkituta. Beraz, erabakia hartzeak pena handia eman dit", onartu du.

Lasterketari buruz balorazio positiboa egin du. "Lasterketa oso lehiatua izan da. Irabazlea eta biok buruz buru ibili gara eta azkenean berak irabazi du. Ni baino indartsuago egon da eta zoriontzea besterik ez zait geratzen. Magía-ko aterpera [helmugatik 100 km baino gutxiagora] batera heldu gara. Ni atseden hartzera geratu naiz eta berak aurrera jarraitu du".  Gero ezin izan du harrapatu.

Aurten bere denborarik onena egin du, nahiz eta esan beharra dagoen aurreko aldietakoa baino ibilbidea laburragoa zela aurtengoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!