Silvia Triguerosek hirugarren bider jarraian irabazi du Tor des Geants lasterketa

Anboto 2021ko ira. 16a, 07:30
Silvia Trigueros Tor des Geants-en helmugan (Argazkia: Facebook: Tor des Geants / @robertorouxph)

2019an berak jarritako markarik hobetu ez arren, goi mailan aritu da beste behin berak hain maite duen Italiako proba gogorrean. Emakumeetan  onena izan da eta sailkapen nagusian 13. tokian geratu da.

Domeka goizean irten zen eta bart gauean heldu da helmugara. Lasterketa hirugarren bider irabazi du: 2018, 2019 eta 2021ean. 2020ean ez zen lehiatu pandemiagatik. Bigarren postu bat ere badu, 2017an lortutakoa. Hasieratik probaren buruan joan da emakumeetan eta kilometroak aurrera joan ahala atzetik zetozenekiko denbora areagotu du.

Lasterketako denborarik onena berea da 2019az geroztik (85.23.15) eta hura hobetzea ere gura zuen, baina ez du lortu: 89 ordu eta 57 minutu. Izan ere, 350 kilometrotan zehar -ia 30.000 metroko desnibel positiboarekin- gauza asko gertatu zaizkio, normala den moduan: bero kolpeak, tripako minak, lo egitea kostatzen zitzaiola… Hala ere, bidean aurkitu dituen oztopoak bizkarrera bota eta denak gainditzeko kapaz izan da, Tor des Geants-ekin duen hartueman bereziari kapitulu berri eta  distiratsu bat gehituz.  

Trigueros itzuliko ote da Tor-era berriro? Ikusi egin behar. Datorren urtean antzerako datetan den proba berri bat probatu nahi du: Reunion irlako (Madagaskar inguruan) Diagonale des Fous.  Horrela bada parentesi bat irekiko du bere lasterketa kutunean. Erabakitzen duena erabakitzen duela, lortu duena luzaroan gogoratuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!