SD Amorebietaren mendeurreneko '¡Azules! Herri baten oihua' dokumentala estreinatuko dute abenduaren 11n

Anboto 2025eko abenduaren 1a

Antzinatasun handiagoko ehun bazkideei bideratutako saioa da. Hurrengo hiru egunetan ere emanaldiak izango dira.

Zornotza Arteoak ¡Azules! Herri baten oihua dokumentalaren estreinaldia hartuko du abenduaren 11n, 19:30etik aurrera. Zigor Aiarza eta Ander Garizurieta zornotzarrek zuzendua eta Pausa Digitalak ekoitzia, dokumentala “SDAren ehun urteetako ibilbide intimoa da, azken 25etan arreta berezia jarriz”, azaldu dute zuzendariek klubeko ohar batean.

Abenduaren 11ko estreinaldira klub zornotzarreko 100 bazkide zaharrenak joan ahal izango dira, hau da, 1 zenbakitik 100 zenbakira doazen txartelen titularrak. Bazkide horiek gonbidapena jaso ahal izango dute klubeko dendan abenduaren 2tik 9ra arte 10:00etatik 13:00etara. Hilaren 9ra bitartean hartu ez diren gonbidapenak gainerako bazkideen esku jarriko dira hurrengo egunetik aurrera.

Gainerako bazkide eta zaleek hiru aukera izango dituzte dokumentala doan ikusteko, Zornotza Aretoak asteburu horretako programazioa ¡Azules! lanaren proiekzioari soilik eskainiko baitio. Mendeurreneko dokumentala barikuan, hilak 12, zapatuan, hilak 13, eta domekan, hilak 14, proiektatuko da 20:00etatik aurrera. Doako sarrerak eskuragarri daude Zornotza Aretoaren webgunean esteka honetan.

Iribar eta Muniainen parte hartze

Talde urdinaren historia markatu duten jokalari, entrenatzaile, zuzendari eta zaleen testigantzak biltzen ditu dokumentalak. SDAren 50., 75. eta 100. urteurreneko partiduetan parte hartu duen Jose Angel Iribar eta Urritxen SDAren aurka 15 urte besterik ez zituela Athletic Clubeko lehen taldearekin debuta egin zuen Iker Muniain ere partaide bereziak dira.

“Bere nortasuna osatzen duten sei letren bidez —Amorebieta, Zaleak, Urritxe, Lehiaketak, Etorkizuna eta Sorrera— dokumentalak 1925ean zale talde batek landatutako haziak mende batez zornotzarren belaunaldiei nola eman dien fruitua eta babesa erakusten du, lehiaketa eta pasio moduan", azpimarratu dute Aiarzak eta Garizurietak, dokumentaleko zuzendariek.

Dokumentalaren estreinaldiagaz amaituko da urte hasieran abiatutako ospakizuna. Efemerideak beste mugarri nabarmen batzuk ere izan ditu 2025ean: ONCEk urtarrilaren 30ean klubari eskainitako kupoia; ekainean Zelaieta Zentroan antolatutako erakusketa; SDAren ereserkiaren bertsio onenaren sari berezia ‘Haizetara’ musika-lehiaketaren barruan; Sociedad Artístico Cultural Zornoza elkarteak antolatutako ‘Zintzilik’ lehiaketako gaia; herri-bazkaria SDAren txosnaren ondoan Marmitako Lehiaketaren egunean; eta Urritxen Athletic Club eta SD Ponferradina taldeen artean jokatutako Mendeurreneko Partida.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!