SD Amorebietak ehun urteko historia batzen duen erakusketa inauguratu gaur arratsaldeko ekitaldian. Zelaieta Zentroan egongo da ikusgai uztailaren 4ra arte. Erakusketa zortzi ataletan banatuta dago. Atal bakoitzak klubaren historiako une esanguratsuenak errepasatzen ditu, argazkiek eta testuek lagunduta.
Patxi Gonzalez aktore zornotzarrak gidatu du aurkezpena. Bera da erakusketaren komisarioa ere. Azalpenekin batera, kantu bat baino gehiago abestu du, bertaratutakoen txaloen artean. Zelaieta Zentroan ikusgai dagoena bost hilabeteko lanaren emaitza dela azaldu du eta lagundu dioten denei eskerrak eman dizkie.
Juanjo Batiz gogoan
Hizlarietako bat Jon Larrea SD Amorebietako presidentea izan da. Une batean Juanjo Batiz gogoratu du. 30 urtez klubeko lehen taldeko autobus-gidari izandakoa joan zen barikuan hil zen eta berba batzuk eskaini dizkio negar malkoei justuan eusten ziela. "Gidaria baino askoz gehiago izan da. Pertsona itzela izan da, familia-giro atsegina sortzen duen horietakoa. Bera barik eta bera modukoak barik SD Amorebieta ez zen gaur hemen mendeurrena ospatzen egongo", esan du.
Klubak ehun urte bete dituen denboraldian lehen taldea Bigarren RFEF Mailara jaitsi da. "Disgustuak" oraindik irauten diela onartuta, mezu baikor bat utzi du. "SD Amorebietaren handitasuna ez dago maila batean edo bestean jokatzearen baitan. Klub honek 96 urte behar izan zituen Bigarren Mailara igotzeko eta ordurako klub historiko, handi, mirestu eta maitatua zen. Klub baten handitasuna kluba osatzen duten pertsonen bihotzean eta kide den komunitatearen sentipenean duen lekuan dago", adierazi du.
Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak ere hartu du hitza. "Ekimen hau klubak gure udalerriarentzat izan duen garrantzia gogoratzeko aukera paregabea da, ez soilik kirol mailan, lankidetza, talde-lana eta kide izatearen sentimendua ere errotu baititu urte guzti hauetan", adierazi du.