Zubiondon hasi eta amaituko da Aramotz mendi lasterketa

Joseba Derteano 2024ko urr. 5a, 10:30

Domekan Aramotz mendi lasterketaren 12. aldia egingo dute Zornotzan. Nobedade bat da helmuga Juaregibarriatik Zubiondo parkera tokialdatu dutela. Aurten, lasterketa bakarra egingo dute, orain arte zeuden bien tarteko bat

Zornotzako Aramotz mendi lasterketa nobedadeekin dator. Domekako 12. aldia ez da, ohikoa izan den moduan, Jauregibarrian hasi eta amaituko. Erdigunerago ekarri dute, Zubiondo parkera. Handik irtengo dira korrikalariak, 10:00etan, eta hantxe bertan helmugaratuko dira. "Herrigunera apur bat gehiago hurbiltzeko eta giro gehiago sortzeko hartu dugu erabakia", azaldu du ekimeneko antolatzailea den Xabi Etxabek.

22 km-ko ibilbidea
Beste nobedade bat ibilbidean dago. Aramotz lasterketaren ibilbide tradizionala 28 kilometrokoa izan da, Leunganeraino zihoana. Baina pandemia sasoian, osasun neurrietara egokitzeko, 17 km-ko laburragoa antolatu zuten eta korrikalariak banan-banan irten ziren. "Oso arrakastatsua" izan zen, eta, normaltasunera bueltan, ibilbide laburrari ere eutsi zioten, ohiko luzeagaz batera. Harrezkero, arrazoi bategaitik edo besteagaitik, "geroago eta jende gutxiagok" eman du izena luzean, eta, beraz, aurten maratoi erdiaren aldeko apustua egitea erabaki dute. "Gaur egun modan dagoen distantzia da", argitu du Etxabek. 

Ibilbide berrian ez dira Leunganeraino helduko; lehenago hartuko dute buelta. Ibilbideko tontorrak Pagozelai, Urtemondo eta Belatxikieta izango direla azaldu dute antolatzaileek. 

Villarroel txapeldun, Aranburu lider

Urkiola Kopako lehenengo aldia amaitzear dago. Kopa osatzen duten hiru lasterketatik azkenekoa Aramotz mendi lasterketa izango da eta oraindino zeozer jokoan dutenak azkenengo puntuak urratzen ahaleginduko dira.

Emakumeetan, erabakita dago txapelduna: June Villarroel. Aurreko proba biak irabazi egin ditu —Sorginen Lasterketa eta Mañaritik Atxetara— eta ez dago harrapatuko duenik. Lasterketako irabazleak 200 puntu batzen ditu eta Villarroelek 220 puntuko aldea ateratzen dio bigarrenari. Baina, ez da sari banaketara bakarrik agertuta konformatuko; hiru probak irabazita jantzi gurako du txapela eta irteera puntuan izango da.

Villarroelen atzetik emozioa da nagusi. Itsasne Urkiaga eta Leire Uribe 180na puntugaz berdinduta daude bigarren eta hirugarren tokian. Gainera, orpoz orpo dituzte beste hainbat korrikalari: Gartze Mentxaka 10 puntura, eta Ainara Arkarazo 20 puntura, besteak beste. 

Gizonetan dena airean dago, txapelduna ere bai. Mañaritik Atxetara 22 kilometroko proba irabazi zuen Irazu Aranburu mallabitarra da liderra, 320 puntugaz; Mustafa Mahfoud 50 puntura du, eta Ander Jauregi 110 puntura, bigarren eta hirugarren tokietan, hurrenez hurren. Euren atzetik dauden hainbat korrikalarik ere badute aukera podiumera igotzeko. Beraz, hainbat korrikalariren arteko borroka estua espero da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!