Gerra Zibilean desagertutako hirugarren gudariaren gorpuzkia identifikatu da Zornotzako hilerrian

Anboto 2024ko uzt. 27a, 10:04

Enrique Contreras da identifikatu berri den gorpuzkia eta horren berri eman du María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak. 11 gorpuzki berri aurkitu dira hilerrian, egunotan egiten ari den hirugarren indusketa-kanpainan

Gogora−Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak genetikoki identifikatu du Enrique Contreras, Linaresen jaioa (Jaén) eta Aretxabaletan bizi zena, EAJ-PNVri atxikitako ‘Sarasketa’ batailoiko gudularia, eta 1937ko apirilaren 6an Diman hil zena. Bere gorpua non hobiratua zegoen ezezaguna zen orain arte. Haren gorpuzkiak Zornotzako hilerritik berreskuratu ziren bigarren indusketa-kanpainan, aurtengo martxoan. Identifikazio genetikoa posible izan da 2018an hildako alabak DNA Bankuari emandako lehen lagin bati esker eta aurten bertan izandako bigarren lagin bati esker.

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak identifikazio berri horren berri eman du, egun hauetan Zornotzako hilerrian egiten ari diren indusketa-lanetara egindako jarraipen-bisitan. Sailburuarekin batera, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, Alberto Alonso, izan da eta Ainhoa Salterain alkateak egin die harrera. Sailburuak azaldu duenez, Enrique Contrerasen gorpuzkiak Aretxabaletako Udalean emango dizkiote bere familiari, familia-izaerako ekitaldi batean, udalak ohar batean azaldu duenez.

Sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren memoria-politika publikoen arduradunak adierazi duenez, indusketa- eta desobiratze-kanpaina berri hau "beste urrats bat da bide luze batean, eta ausardiaz ibiltzeko borondatea dugu"; Halaber, "ahalik eta identifikazio gehien lortzeko beharrezkoak diren ahaleginak" indartuko direla azpimarratu du. 

Ainhoa Salterainek, Zornotzako alkateak erakundeen arteko lankidetza goraipatu du beste behin. "‘Gerra Zibilean hemen ahaztuak izan ziren horiei beraien izen-abizenak itzultzeko Gogora eta Aranzadi egiten ari diren lana ikaragarria da eta beste behin, hori eskertu nahi nuke". 

11 gorpuzki berri aurkitu dira

Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzia Elkarteak egiten duen indusketaren arduradunak egunotan egindako aurkikuntzak azaldu ditu bisitan. Azaldu duenez, 11 gorpuzki aurkitu dituzte, hobi bakarrean lurperatuak, eta zantzu guztien arabera, gerra garaiko ospitalean hildako pertsonen gorpuzkiak dira. Atariko emaitzak dira, hala ere, kanpaina ez baita oraindik amaitu. Egun hauetan hilerrian egiten ari diren lanak kokapen horretan bertan egingo den hirugarren indusketa-kanpainari dagozkionak dira. Kanpaina hilaren 24an hasi zen eta 28ra arte iraungo du. Oraingo honetan, aurreko kanpainetako ondoko eremuan ari dira lanean. Aurreko kanpainetan, 2023ko abenduan eta 2024ko martxoan, 86 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera zituzten, eta hiru dira dagoeneko identifikatutako pertsonak.

Gainerakoak identifikatzeko, Gogora Institutuak berriro ere dei egiten die inguruan desagertutakoen familiei Institutuarekin harremanetan jar daitezen, balizko identifikazioa posible egiteko. Posta elektronikoz  (gogora@euskadi.eus) edo telefonoaren bidez egin daiteke: 94 403 28 45.

Enrique Contreras

Enrique Contreras, Linaresekoa (Jaen), Aretxabaletan (Gipuzkoa) bizi zen 1930etik, eta gerran hil zen 1937ko apirilaren 6an, Diman. Ezkonduta zegoen eta bikoteak bi seme-alaba izan zituen. Enriquek Aretxabaletako ‘Industrias Beroa’ lantegian egiten zuen lan. Matxinatutako tropen etorrerarekin, Gipuzkoako beste familia asko bezala, familiak herritik atera eta Bilbon babesa bilatu behar izan zuen.

Gerran zehar, Enrique Contrerasek EAJ-PNVri atxikitako ‘Sarasketa’ 2. Ingeniarien batailoiaren 5. konpainian borrokatu zuen, eta 41 urterekin hil zen Diman, 1937ko apirilaren 6an, Bizkaiko Probintziako Artxibo Historikoan gordetako Kanpainan Hildakoen Erregistroan agertzen denez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!