Identifikatutako pertsonak Adolfo Cengotitabengoa Izurza (Muskiz) eta Jaime Iñiguez Nieva (Ortuella) dira, biak Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako Perezagua batailoiko milizianoak. Biak egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an; Cengotitabengoa Barazarko frontean, 31 urterekin, eta Iñiguez Zornotzako Ospitale Militarrean, 19 urterekin, seguru asko, frontetik bertatik zaurituta eraman ondoren, ekitaldian zehaztu dutenez.
Ekitaldiak hainbat osagai izan ditu. Unerik hunkigarriena familiek gorpuzkiak jaso dituztena izan da. Ohorezko aurreskuaren ostean, Jaime Iñiguezek, Jaime Iñiguez Nievaren ilobak eta Jose Angel Zengotitabengoak, Adolfo Cengotitabengoaren bilobak, hartu dute hitza. Biek eskerrak eman dizkiete gorpuzkien bilaketa eta identifikazioa posible egin dutenei. "Lan honetan jarraitzera animatzen zaituztet, beste familia askok guk orain sentitzen duguna sentitzeko oinarria delako", adierazi du Zengotitabengoak.
Erakundeetako ordezkarien adierazpenak
Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok gidatu du ekitaldia. Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du. "Ekitaldi honen bidez, ahaztuak izan ziren horiei beraien izen-abizenak itzultzen eta egin zuten sakrifizioa aitortzen ari gara", adierazi du.
Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak "justizia ekintza" gisa definitu du arratsaldeko ekitaldia. "Bizikidetzak ezin du ahanzturan oinarritu eta egiazko konkordiak hiru oinarri baino ezin ditu izan: egia, biktimen oroimena eta askatasunaren eta justizia sozialaren ideal demokratikoak".
Segidan Espainiako Gerrari eta Zornotzako hilerriko ikerketari buruzko azalpenak eman dituzte hainbat adituk: Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Museoko zuzendariak, Anton Erkoreka Medikuntzaren eta Zientzien Historiaren Euskal Museoko zuzendariak eta Lourdes Herrasti Zornotzako hilerriko indusketa-kanpainen arduradunak.
Desagertuak bilatzeko kanpaina
Azken 20 urteetan, Jaurlaritzak Espainiako Gerrako eta errepresio frankistako 331 biktima berreskuratu eta horietako 54 identifikatu ahal izan ditu, Gogora Institutuaren programaren barruan. Ekimen honetan, Aranzadi Zientzia Elkarteak desobiratze lanen eta antropologia-forentseen arduratu hartu du, eta EHUko Biomics laborategia identifikazio genetikoak egiteaz arduratzen da.