Ez hogei, ez eta hogeita bost. 51 dira Zornotzako hilerrian topaturiko gerra zibileko gudariak. Gogora Institutuak eta Zornotzako Udalak jakinarazi dutenez, Aranzadi Zientzia Elkarteak gerrate hartako 51 gudari eta milizianoren gorpuzkiak topatu ditu. Aztarnen arabera, Zornotzan garai hartan zegoen odol-ospitaletik edo zuzenean inguruko gerra-fronteetatik eramandako milizianoen gorpuzkiak dira.
Desobiratze lanak hilerriko eremu zehatz batean egin dituzte. Kanposantura sartu eta eskuma aldean dagoen zelai karratuan. Hain zuzen ere, gerra garaiko testigantzek eta dokumentazio historikoak ahalbidetu dute aurkikuntza, eremu horretan gerran hildako pertsonak lurperatu baitzituzten. Zelai zati hori ikutu barik egon da hamarkadaz hamarkada. Zornotzarren memoria historikoak ahalbidetu du eremu hori gerra sasoitik hona kanposantuko lanetarako erabili barik egotea.
Identifikazio prozesua
Orain, Gogora Institutuak gorpuak identifikatzeko prozesua hasiko du. Hori dela eta, gerra zibilean Zornotza inguruan desagertutakoen familiei dei egin diete, Gogorarekin hartu emanetan ipintzeko eta balizko identifikazio prozesu bat hasteko. DNA laginak aztertuta egingo dute lan, identifikazio genetikoagaz. EHUko Biomics laborategia arduratuko da zeregin horretaz. Hartu emanetan ipintzeko gogora@euskadi.eus helbidera edo 944032845 telefonora jo behar da.
Aranzadik abenduaren 3an ekin zion indusketari. Domekara arte egon dira lanean.