Aimar Morgaetxebarriak promozio mailako binakako txapelketa jokatuko du eta Bakaikoagaz osatuko du bikotea

Anboto 2022ko aza. 23a, 13:09
Gaur aurkeztu dute txapelketa Bizkaia frontoian. (Argazkia: @baikopilota)

Gaur aurkeztu dute txapelketa Bilboko Bizkaia pilotalekuan. 

Profesionaletan debuta egin eta hilabete gutxira, beste albiste on bat jaso du Aimar Morgaetxebarria zornotzarrak: aurtengo promozio mailako binakako pilota txapelketa jokatuko du. Joanes Bakaikoa nafarragaz osatuko du bikotea. "Oso gustura nago Bakaikoagaz bikotea osatuta. Trata oso ona daukagu. Ea txapelketa polit bat egiterik daukagun", adierazi du zornotzarrak. Gaur aurkeztu dute txapelketa Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Morgaetxebarriak etxean jokatuko ditu partidu batzuk, Zornotzan eta zaleen aurrean. Orain aste bi prentsaurreko bat eskaini zuten Zornotzan profesional mailako lau jaialdi aurkezteko. Bada, hiru jaialditan Morgaetxebarria izango da protagonistetako bat: abenduaren 2an, urtarrilaren 6an eta otsailaren 3an. Sailkatuko balitz baita martxoaren 3an ere.

Elordi, txapelketa nagusian

Pilota munduan, Durangaldeak beste albiste on bat ere izan du asteon. Izan ere, atzo konfirmatu zuten Aitor Elordik binakako txapelketa nagusia jokatuko duela aurten bere ibilbidean lehenengoz. Jose Javier Zabaletagaz osatuko du bikotea.

Honako hauek dira promozio txapelketako bikote guztiak, Baiko enpresak sare sozialetan informatu duenez:

BAIKO

- Agirre - Iztueta
- Bakaikoa - Morgaetxebarria
- Larrazabal - Eskiroz
- Zubizarreta III - Elizegi

ASPE

- Egiguren V - Erostarbe
- Exposito - Bikuña
- Salaberria - O.Etxebarria
- Zabala - Gaskue

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!