“Debuta gozatzeko da; gero etorriko dira irabazi beharreko partiduak"

Joseba Derteano 2022ko uzt. 16a, 10:20

Ingeniaritza ikasketetako azterketak amaitu dituenetik, guztiz zentratuta dago pilotan Aimar Morgaetxebarria (Zornotza, 2002). Entrenamenduetan oso gustura sentitzen dela dio. Debutatzeak eta etxean jokatzeak ilusio berezia egiten diote, baina argi du hau maratoia dela esprinta baino gehiago, eta partidu bakoitzagaz irabazi beharko duela eguneroko ogia.

Zelan zaude debuteko partiduaren atarian?
Oraingoz, ondo. Egunen batean lo egitea kostatu zait, baina, tira, ingeniaritza zibileko ikasketetako azterketak ere amaitu berri ditut eta denagaitik izan daiteke. Familiagaz eta kuadrillakoekin ez dut debutari buruz berba egiten eta ondo dator trankil egoteko. 

Familiari eta lagunei zeuk eskaturikoa da?
Neurri batean, bai. Ahalik eta gutxien berba egin gura nuela esan nien, eta ulertu zuten. Lagunen artean beti dago komentarioren bat edo beste, baina gutxi. 

Eta kalean, jaso duzu herritarren animo mezurik edo gomendiorik?
Bai, herriko jendeak zoriondu izan nau kalean eta frontoian. Zoriondu eta zortea opa. Ez debuteko partiduari begira bakarrik, etorkizunera begira ere bai. 

Azterketak amaitu izanak ere lagundu dizu pilotan bakarrik zentratzen?
Bai, azterketak, pilota… azkenean, igarri dut karga hori. Luze egiten da. Orain pilotan zentratu naiz eta igartzen dut entrenamenduetan. Azken astean hobeto entrenatzen nabil eta lo ere hobeto egiten dut. Inplikazio handiagoa dut pilotan.

Unai Laso izan behar zenuen bikotekide debutean, baina lesionatu egin da eta Mikel Urrutikoetxeagaz jokatuko duzu, berez bihar zure aurkari izan behar zuen pilotariagaz.
Mikelegaz jokatzea eta bera nire partiduko parte izatea berezia da niretzat. Bizkaian ikusi dudan pilotaririk onenetarikoa izateaz gainera, lagun handia dut. Orain hiru bat urte Baikoren egituran sartu nintzenetik, asko lagundu dit eta tratu ona izan dugu beti. Zorte itzela izan dut. Debutatzea amets bat betetzea bada, imajinatu, gainera, Urrutikoetxeagaz jokatzea.

Eta aurkariei dagokienez, azkenean Erik Jaka sartu dute Elizegiren bikotekide.
Pena da Laso lesionatu izana, baina Laso zein Jaka, biak pilotari handiak dira eta bietako batek nire debutean jokatzeak ilusioa egiten dit. 

Irabazi zein galdu, ondoren jaia egongo da?
Bai, jakina, lagun guztiekin afalduko dut. Jatetxe batean 30 lagunetik gora batuko gara. Gainera, Zornotzako jaiak dira eta osteratxo bat egin beharko da!

Aimar Olaizola ere gaztetan erreferente izan duzula aipatu izan duzu inoiz. Orain, Baikoko kirol zuzendaria da eta beragaz entrenatzen zara. Eman dizu aholkurik?
Aimarregaz askotan entrenatu naiz. Aholku asko ematen dit. Ez frontoi barruko kontuen gainean bakarrik, baita kanpokoen gainean ere. Niretzat oso garrantzitsua da esaten didana. Debuteko partidua nire bizitzako egunik berezienetarikoa izango da eta lasai irteteko eta gozatzeko esaten dit. Debuta gozatzeko da; gero etorriko dira irabazi beharreko partiduak.

Iñaki Iza pilotari ohiak ere gomendio bera eman zizun ANBOTOn idatzi zuen iritzi artikuluan. "Gozatu bideaz" esan zizun. Hori da arrakastarako errezeta?   
Irakurri nuen eta asko eskertzen diot idatzi zuena. Eta bai, zenbat eta gehiago gozatu orduan eta hobeto joango da denontzat. Gustura bazabiltza, entrenatzera ere pozik zoaz eta orokorrean maila hobea emango duzu. 

Aurrera begira, zelan dator uda? Baduzu beste partidurik?
Bai, beste bi behintzat bai. Uztailaren 24an Etxebarrin, eta abuztuaren 5ean Gasteizko Ogetan. Andre Maria Zuriaren txapelketako jardunaldi bateko hirugarren partidua jokatuko dut. 

Afizionatuetako azken partidua Zaldibarren jokatu zenuen, orain aste bi. Berezia izan zen?
Egia esan, nahiko trankil irten nuen kantxara. Azken partidua zenez urduritxo egongo nintzela uste nuen, baina ez zen horrela izan. Galdu egin genuen, baina nire partidurik onena izan ez arren, ondo ibili ginela uste dut. Gainera, eskuetatik ondo ibili nintzen. Banuen beldur apur bat, ze ez nuen eskuak mindu gura debutatu baino aste bi lehenago.  

Afizionatuetan makina bat txapel irabazi duzu. Badago baten bat bestea baino bereziagoa dena?
Ez nuke bat beste baten gainetik ipiniko. Adibidez, Zaldibarko Olazar txapelketan 22-21 galdu nuen iaz, eta aurten irabaztea errebantxa hartzearen modukoa izan da. Diario Vasco txapelketa 22-21 irabazi nuen, lagun guztiak etorri ziren finala ikustera eta egun itzela izan zen. Gero, elkarregaz bazkaldu genuen. Azkenean, txapel bakoitzak bere berezitasuna eta garrantzia ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!